Kulturleka taldea, Lekanazpiko kultur martxaren arduraduna
Hainbat kultur ekintza antolatu dituzte herrian otsailetik hona. Arlo desberdinak landu dituzte, kirola, musika eta politika tartean. Gaur, 'El viaje' ikus-entzunezkoa eskainiko dute.
Lekanazpi elkartera aire berriak iritsi dira bazkide talde baten eskutik. Duela bi urte kultur ekintzak antolatzeko dinamika jarri zuten martxan, zuzendaritza taldearen babesarekin eta elkarteko gainerako bazkideek batzar orokorrean emandako oniritziarekin. Elkarte barruan Kulturleka izenez ezagutzen den taldearen sorrera izan zen hura.
Kulturlekak egindako lanaren emaitzak aurtengo urtean ikusi dira, eta ekintza xume bezain arrakastatsuen formarekin iritsi dira. Kirola, magia, musika, gaztagintza, politika, zinema, literatura… gai eta diziplina aldetik eskuzabala da taldea, eta era askotako alorrak jorratu ditu otsailaz geroztik antolatutako ekitaldi sortaren bitartez. Ekitaldien formatuak ere anitzak izan dira: solasaldiak, zine emanaldia, magia ikuskizuna, kontzertua, gazta dastaketa…
Herritarren erantzuna, berriz, paregabea, ekitaldi horiek legazpiar guztiei zuzenduta antolatzen baitituzte, ez bakarrik elkarteko bazkideentzat. Latxartegi, Haztegiko ikastolako patioa eta Lekanazpi elkartea bera izan dira eszenatokiak. Azken hilabeteetan, gainera, COVID-19aren ondorioz ezer egiteko garaian edukierak murriztu behar diren honetan, aldez aurretiko sarrera salmenta egin du ekitaldietarako Lekanazpik, eta guztietan lekuak agortu dira.
Zine klubarekin hasita
Otsailaren 14an abiatu zuen bere jarduna Kulturlekak, zine klub elkartearekin elkarlanean antolatutako Nuklearrik ez, eskerrikasko. Gladysen leihoa dokumentalaren emanaldiarekin. Handik gutxira solasaldia egin zuten Altsasuko gurasoekin.
Haien ondotik konfinamenduak eragindako etenaldia etorri zen, baina indarberrituta hasi ziren berriz ere lanean hura amaitutakoan, ekainean. Legazpiko Ane Encina eskubaloi jokalariarekin, Irene Paredes futbolariarekin eta Mikel Mujika txirrindulariarekin solasaldi bat egin zuten. Paul mago gaztearen magia ikuskizuna etorri zen gero. Herriko musika talde ugarik Haztegiko patioan eman zuten kontzertua ere antolatu zuten. Eta Legazpiko hiru gaztagileen laguntzarekin gazta dastaketa ere egin zuten irailaren hasieran.
Hurrengo hitzordua gaur bertan da, Juanjo San Sebastian alpinista eta eskalatzailearen El viaje ikus-entzunezkoaren proiekzioarekin eta ondorengo mahai inguruarekin.
Aurrera begirakoak
Kulturleka taldeko kideek lanean jarraitzeko asmoa agertu dute, eta datozen bi hilabeteetarako ekintzak erabat zehaztu gabe badituzte ere, nahiko aurreratuta dituzte. Azaroan, adibidez, Euskaraldiaren bigarren edizioan Lekanazpi elkarteak Arigune izateko konpromisoa hartu duenez, sukaldaritza ikastaro bat egitekotan dira bertan. Eta abendurako, libururen baten aurkezpena aurreikusi dute.
Gaur, Juanjo San Sebastianen ‘Bidaia’ solasaldian
Lekanazpik Juanjo San Sebastian alpinista eta eskalatzailearen bisita jasoko du gaur. San Sebastianek El viaje ikus-entzunezkoa aurkeztuko du elkartean, 19:00etan. Sarrerak aldez aurretik hartu behar ziren eta agortuta daude dagoeneko.
San Sebastianek ibilbide edo bidaia luzea egin du mendian. 1981ean, lehen espedizioa egin zuen Himalayara. 1983an, Everest hegoaldeko saiakera eta Makalu, Cho Oyu eta Shisha Pangmaren erdialdeko gailurrak egin zituen. 1986an, Broad Peaken aurrekora iritsi zen, Chogolisaren ipar-ekialdeko ertzean ibilbide berri bat egin ondoren. 1994an, K2 mendiko gailurra egin zuen. Orduz geroztik, etenik gabeko bidaian dabil mendian. Komunikabideetarako kolaborazioak ere egin ditu, tartean Al filo de lo imposible telebista saio ezagunerako.
El viaje ikus-entzunezkoan bere «helburuen bilakaera, esperientziak, bizipenak, sentsazioak, arriskuaren pertzepzioa eta denboraren joanean izan-dako ikuspuntuak» azalduko ditu. Horretarako, berarentzat bereziak diren bi mendi izango ditu ardatz: K2, munduko bigarren tontorrik altuena, eta Andeetako Alpamayo. K2 oso mendi zaila da eta bertan «unetragikoak» bizi izan ditu; lau saiakeraren ondoren lortu zuen gailurra egitea. Alpamayon bi aldiz egin du gailurra: lehena, Europatik kanpo egindako lehen espedizioa izan zen, eta bigarrena, K2ren esperientzia tragikoaren ondoren goi mendietara joaten zen lehen aldia .