Aitor Aranak gazteei zuzendutako liburu berria aurkeztu du
Idazle legazpiarrak 'Zuhaitza' eleberria argitaratu du, 12 eta 16 urte arteko gazteei zuzenduta.
Zuhaitza da Aitor Arana idazle legazpiarrak kaleratu duen azken liburua; Erein argitaletxea izan du bidelagun. Atzo aurkeztu zuen Donostian Antton Kazabonek Mikel Larson eleberria aurkeztu zuen ekitaldi berean, Joxerra Gartzia eta Inazio Mujika izan ziren aurkezleak.
Aranaren liburua 12 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendutako eleberria da, «adiskidetasuna, elkartasuna eta norberak bere buruarengan izan behar beharreko konfidantza» aldarrikatzen duena eta, aldi berean, gaztetxoei esperantoa zer den azaltzen diena.
Ia beti ohean gaixorik dagoen Unai da protagonista. Auzora bizitzera joan den Ludoviko agureak esperanto izeneko nazioarteko hizkuntza ezagutzeko aukera emango dio, eta esperantoaren bitartez, Tanzaniako Jua mutiko elbarria ezagutuko du. Biak, gaixotasun guztien sendabidea den zuhaitzaren bila abiatuko dira.
Gazteentzako literatura
Aitor Arana (Legazpi, 1963) 17 urte zituela hasi zen ipuinak idazten. Harrez gero, ehunka liburu argitaratu ditu, genero bat baino gehiaago jorratuz. Orain aurkeztu berri duen Zuhaitza bezala, argitaratu dituen liburuetako asko gazteei zuzendutakoak dira.
Euskal Herriko esperantista aktiboenetakoa da Arana gaur egun.