Hilerrian neurriak hartuko ditu Legazpiko Udalak Domu Santuen egunari begira
Udaltzaingoa arduratuko da edukiera kontrolatzeaz, eta jende pilaketak saihesteko ibilbideak markatuko dituzte lurrean.
Legazpiko Udalak hainbat neurri hartu ditu hilerrian Domu Santu egunari begira izaten diren bisiten aurrean. Azaroaren 1ean bertan jende pilaketak saihestea da helburua, eta bertara hurbilduko diren legazpiarren osasuna bermatzea.
Hasteko, gel hidroalkoholikoa eta eskularruak jarriko ditu udalak herritarren eskura bi mahaitan, hilobiak eta panteoiak garbitzeko. Ibilbideak adierazteko geziak ere ipiniko ditu lurrean, jende pilaketak saihestu asmoz, eta informazio kartelak ipiniko ditu nonahi, gogorarazteko derrigorrezkoa dela maskara erabiltzea eta pertsonen artean 1,5 metroko tartea uztea. Azkenik, Udaltzaingoa arduratuko da hilerriko edukiera gainditu ez dadin.
Udalak dei egiten die legazpiarrei zuhurtziaz joka dezaten eta bete ditzaten koronabirusaz ez kutsatzeko prebentzio eta babes neurriak, hilerrian eta orokorrean toki guztietan.