Bikuña kiroldegiko ikastaroak berriz ere martxan azaroaren 2tik aurrera
Taldekako kirol jarduerak bertan behera utzi zituzten joan den astean Legazpi eremu gorrira igaro zenean; gaur bertan jakinarazi dute ikastaroak egin daitezkeela, hainbat neurri hartuta.
COVID-19aren kutsatze mailagatik joan den astean Legazpi eremu gorrian sartu zenean, Bikuña kiroldegiko ikastaroak etetea erabaki zuen udalak. Gaur Eusko Jaurlaritzako Kirol eta Jarduera Fisikoko zuzendariak kaleratu duen txostenean taldekako kirol jarduerak baimenduta daudela adierazi dutenez, ikastaroak berriro martxan jarriko dira azaroaren 2an, astelehenean.
Hala ere, ikastaroetarako hainbat neurri ezarri dituzte, eta talde bakoitzeko gehienezko partaide kopurua sei ikaslekoa izango da, baina aldi berean talde bat baino gehiago egon daitezke batera arduradun batekin. Kiroldegira bertaratzeko eta atsedenaldietan maskara erabiltzea eta 1,5 metrotako tartea mantentzea derrigorrezkoa izango da. Aldagelak eta dutxak ere erabili ahal izango dira, beti ere gehienezko kopurua errespetatuta, baina ez erabiltzea gomendatzen dute.