Gibolako itzalak abiatu du bere ibilbidea
Ane Odriozola legazpiarrak bigarren liburua kaleratu du, Gibolako sekretuari jarraipena emanez. Latxartegi aretoan egin behar zuen aurkezpena bertan behera utzi, eta liburuak sinatzen jardun zuen ostegun iluntzean udaletxe aurrealdean. Ilara luzeak sortu ziren.
Legazpiko Ane Odriozolaren bigarren eleberria kalean da, La sombra de Gibola (Gibolako itzala). Duela bi urte kaleratu zuen El secreto de Gibola liburu arrakastatsuaren jarraipena da. Bi liburuak Circulo Rojo argitaletxearekin egin ditu idazle legazpiarrak.
Liburu berriaren aurkezpena egin behar zuen Odriozolak ostegun arratsaldean Latxartegi aretoan, baina ekitaldia bertan behera utzi zuen eta liburuak sinatzen jardun zuen udaletxe aurrean jarritako mahaian. Irakurle ugari hurbildu zen bertara eta ilara luzeak sortu ziren.
Gibolako itzalaren berri ematen duen liburua salgai dago Legazpiko Odriozola arraindegian eta Apatxo eta Hizkuntza liburu dendetan. Goierrin, Zumarragako Aresti eta Urki liburu dendetan, Beasaingo Mirentxun, Ordiziako Larratxan eta Lazkaoko Gerrikon eta Zerik ile apaindegian eros daiteke. Elkar dendetan ere salgai dago, eta internet bidez elsecretodegibola.com webgunean ere bai. Bestetik, Amazonen euskarri digitalean eskuratu daiteke.