Ipuin laburren lehiaketa antolatu dute Euskaraldia girotzeko
Euskaraldia girotzeko, ipuin «labur-labur-laburren lehiaketa» antolatu du herriko batzordeak. Legazpi hitza daraman nortasun agiriren bat duten guztiei dago zuzenduta, eta adin mugarik gabekoa da lehiaketa.
Parte hartzeko baldintzak bereziak dira. Lehenik, ipuina eskuz idatzi behar da, eta gehienez 11 hamaika lerro izan behar ditu, baina «lerroak ez du ez gehieneko ez gutxieneko hitz kopururik». Edozein euskarri erabili daiteke, gainera, «orri zuri bat, koaderno orri bat, postal bat, kartoi zati bat, egur zati bat…».
Ipuinaren gaia Euskaraldiaren leloa bera da: Gehiago, Gehiagorekin, Gehiagotan.
Epea eta sariak
Azaroaren 16tik 22ra bitartean entregatu behar dira lanak, horretarako Kale Nagusiko Euskaraldiaren plazan (Elizondoko plazan) eta Laubideko bulebarrean espreski egokituko diren «Euskaraldiaren Etxeetan».
Lehiaketak hiru kategoria ditu, eta beste hainbeste sari izango dira: haurren kategorian, (2007 baino beranduago jaiotakoak), 50 euroko erosketa bonua; gazteen kategorian (2003-2006 artean jaiotakoak), 100 euroko bonua; eta helduenean (2003 baino lehenago jaiotakoak), 200 euroko bonua. Bonuak herrian gastatzeko izango dira.
Irabazleen izenak euskararen egunean jakinaraziko dituzte.