Ikatzako argazkilarien irudi onenekin egindako erakusketa dago ikusgai
Hilero elkarte barruan egiten duten lehiaketetan saritutako lanak dira. Koronabirusak ez du argazki elkartearen jarduera eten. Abenduan ikus-entzunezko emanaldi bat egingo dute
Koronabirusak ez du etenik eragin Legazpiko Ikatzako bazkideen jardunean, eta elkartearen babesean biltzen diren argazkilariek ez diote bizkarrik eman argazkigintzari azken hilabeteetan. Lan horren emaitza ikusgai jarri dute, bazkideek egindako argazkiekin osatutako erakusketa kolektiboa hain zuzen.
Azaroaren 20ra arte dago irekita erakusketa kultur etxean, astelehenetik ostiralera 17:30-etik 20:30era.
Urteroko erakusketa
Ikatzaren urteroko hitzordua da azaroko erakusketa kolektibo hori. Bertan, elkarteko kideek urtean zehar atera dituzten 50 argazki bildu eta jarri ohi dituzte ikusgai, baina aurten, koronabirusa tarteko, aldaketarekin etorri da, antolaketa lanetan ibili den Errikarte Agirrek azaldu duenez, «erakusketa bereziagoa da, elkarte barruan hilero egiten den lehiaketa sozialeko lan irabazleekin egin dugu».
Bazkideen artean hilero egiten dituzten lehiaketetan bi atal izaten dira, bat gai librekoa eta bestea, proposatutako gai bati buruzkoa; atal bakoitzean hiru lan saritzen dira. Erakusketan, abuztura arteko lan irabazleak jarri dituzte, 15-bat argazkilarirenak.
Gai asko jorratu dituzte, tonu desberdinak eman dizkiete, zuri-beltza eta kolorea erabili dute… era askotako argazkiak daude, baina guztiek 40 x 50 zentimetroko neurria dute. «Elkarteko argazkilarien argazki onenak» direla esan du Agirrek.
Etenik gabeko jarduera
Erakusketa kolektibo hau Legazpi Hiria lehiaketara aurkeztutako lanekin osatutako erakusketa egin eta hilabetera dator; izan ere, pandemiak elkartearen funtzionamenduan hainbat aldaketa ekarri baditu ere, ez du ia eraginik izan urteko programazioan. Momentura arte aurrera eraman ahal izan dituzte aurreikusitako ekintza gehienak.
Legazpi Hiria lehiaketa eta erakusketaz gain, Ikatzak ez ditu alboratu hileroko lehiaketa sozialak, eta ez dio hutsik egin ere urteroko ikastaroari eta Uztakale programaren barruan legazpiarrekin izan ohi duen hitzorduari; lau ikus-entzunezko eskaini zituen uztaileko ostiral iluntzetan Azokan. Bertan behera utzi zuten, ordea, iraileko argazki rallya. Eta urtea amaitzeko, abenduan beste proiekzio bat egingo dute kultur etxean.