Motxorro eta Bikuña Txiki arteko bidea itxiko dute trafikoarentzat asteburuetan
Bide horretako espaloietan oinezko asko pilatu eta batzuk errepidetik ibiltzen direlako hartu du erabakia Legazpiko Udalak. Oinezkoei seguru eta lasai ibiltzeko aukera ematea da helburua.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2020/11/whatsapp-image-2020-11-13-at-18-55-29-1-1200x885.jpeg)
Bihar, azaroaren 14tik aurrera, larunbat, igande eta jaiegunetan, Bikuña-Txiki eta Motxorro arteko bidea itxita egongo da ibilgailuentzat, 09:30etik 20:00ak arte. Horrela erabaki du Legazpiko Udalak, azken asteburuetan bide horretako espaloian oinezko asko pilatu eta batzuk errepidetik joaten direlako. Jokabide hori oso arriskutsua denez, bide zati hori ibilgailuentzako ixtea erabaki du udalak, oinezkoei lasai eta seguru ibiltzeko espazioa eskainiz.
Motxorrotik Legazpirantz, eta Garin pabilioitik Motxorrorantz egongo da itxita bidea, baina inguruko industria pabilioietara sartzea eta irtetea izango dute baimendutako ibilgailuek.