Euskararen etxe txikia
Euskaraldia girotzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte Goierriko herrietan. Ipuin lehiaketak, bertso saioak, bideoak, antzerkia, musika... denetik prestatu dute, arazoaren 20tik abenduaren 4ra, euskarari babesa adierazteko.
Era askotako ekitaldiz eta jarduerez lagunduta dator bigarren Euskaraldia. Goierrin bertso saioak, antzerki emanaldiak, musika, lehiaketak, bideoak… herririk herri izan dira eta izango dira euskararen erabilera bultzatzeko ariketa kolektibo honen iragarle eta babesle.
Euskaraldiaren bueltako giroa ere nabaria da azkenengo asteetan, kartelak eta informazio eta izena emateko postuak tarteko. Aipagarria da Beasain, herriko kaleak Euskaraldiko kartelekin apaindu dituztelako, denera 500 metro pankarta jarrita. Beasainen bertan, bestalde, Murumendik jaitsita, Marik emango dio hasiera Euskaraldiari ostiralean.
Ipuin lehiaketa Legazpin
Legazpin, berriz, Euskaraldiaren etxeak jarri dituzte kalean, herri batzordeak antolatu duen «ipuin labur-labur-laburren lehiaketa» osatzeko. Adin guztietako legazpiarrei zuzendutako lehiaketa da, eta lanak jasotzeko bi etxola txiki jarri dituzte herriko bi puntutan: Kale Nagusian bat, eta Laubiden bestea. Hilaren 22ra arteko epea dute legazpiarrek lehiaketan parte hartzeko; eskuz eta edozein euskarritan idatzitako ipuinak izan beharko dute, Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan leloan oinarrituta, eta gehienez 11 lerrokoak. Hiru sari emango dituzte, herrian gastatzeko erosketa bonuak, hain zuzen. Sari emate ekitaldia abenduaren 3an egingo da, Euskararen egunarekin batera.