Azaroaren 25ari begirako ekintzak Legazpin
Kutsu feministako pitxiak saldu eta azaroaren 25ean lehio eta balkoietan jartzeko ikurrin moreak banatuko dituzte bihar azokan. Herriko lau puntutan panelak jarri dituzte emakumeek euren lehen eraso sexista konta dezaten.
Legazpin hasi dira azaroaren 25eko Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako egunaren ospakizuna girotzen, eta Matraka talde feministak hainbat ekintza antolatu ditu aurreko egun hauetarako.
Hasteko, more koloreko muralak jarri dituzte Legazpiko hainbat txokotan, emakumeek euren lehen eraso sexistaren esperientzia idatzi dezaten, eta zein adinarekin jasan zuten ere azaldu dezaten. “Jendea sentsibilizatzeko, denok ikusteko eraso mota asko sufritzen ditugula, edozein adinekin jasan ditzazkegula eta jasaten ditugula” erakusteko helburua duen ekimena da. “Batzuetan uste dugu urrutiko gauzak direla, gure artean ez direla gertatzen, baina jakin, badakigu, Legazpin ere gertatu izan direla eta gertatzen direla”. Adierazpenak anonimoak dira, eta norberak eraman beharko du idazteko boligrafoa.
Laubideko Zabaleta tabernaren aurrealdean, Aizkorri kalean, Txomineneko pasoan eta kultur etxe ondoko igogailuaren ondoan daude jarrita kartelak. Adierazpen batzuk idatzita daude dagoneko.
Pitxiak salgai
Bestetik, bihar ostirala, Matrakarekin elkarlanean kutsu feminista duten pitxiak egin dituen Epoxy Resinart herriko artistak postu bat jarriko du azokan, 10:00etatik 13:00etara, pitxi horiek saltzeko. Azaroaren 25ean kontzentrazioa amaitu ondoren ere salgai egongo dira.
Azokan, gainera, indarkeria matxista salatzeko azaroaren 25ean leiho eta balkoietan jartzeko ikurrin moreak banatuko dituzte.