Hondakinen prebentziorako astea ospatuko dute Goierri garaiko lau herrietan
Hondakinen murrizketan jarriko dute indarra, eta herritarren parte hartzea eskatu dute. Sare sozialetan hondakinak murrizteko aholkuak zabal ditzaten nahi dute. Sariak banatuko dira parte hartzaileen artean.
Europa osoan bezala, Goierri garaian ere ospatuko da Hondakinen Prebentziorako Astea azaroaren 21etik 29ra bitartean, Urola Garaia Garapen Jasangarria mahaiak bideratuta.
Kanpaina digitala izango da, eta hondakinak murrizteari emango diote indarra, azken urtean Goierri garaian hondakinen kopuruak gora egin duela kontuan hartuta. Aurten, aste bakar batean, batez beste 141.939,51 kilo hondakin sortu da.
Datu deigarri hori ezagutarazita, herritarrek euren ohiturak eta jokaera aldatzea eragin nahi dute. Aldaketa hori gauzatzen hasteko, erreferentziak sortu nahi dituzte, eta horretarako, herritarrei dei egin diete hondakinak murrizteko dituzten ohiturak sareetan parteka ditzaten.
Facebook bidez eta #ohiturajasangarriak(eta norbere herriaren izena) erabiliz, ohitura jasangarrien argazki, bideo edo aholkuak argitaratzea eskatzen dute. Parte hartzaileen artean, Bertatik Bertara egitasmoko parte diren baserritarren produktuez osatutako lau otar zozkatuko dituzte, Goierri garaiko herri bakoitzeko bat. Gainera, lehenengo 50 parte hartzaileek Bertatik Bertarako poltsa berrerabilgarria eskuratuko dute.