Azaroaren 25ak aste osoa hartuko du
Beasainen indarkeria matxistaren biktimak omenduko dituzte, etzi, Erauskin plazan. Eraildako emakume bakoitzaren omenez kandela bana piztuko dute.
Beasainen azaroaren 25ak 24 ordu baino gehiago izango ditu, ekintzak datorren astelehenera arte luzatuko direlako. Egun handia, nola ez, etzi izango da: Beasaingo Udalean ordezkaritza dute hiru alderdiek adierazpen instituzional bateratua egingo dute 12:00etan, Erauskin plazan. Asmube elkartekoek bertako zuhaitzak apaindu dituzte eta asteazkenean suontzia piztuko dute, bertatik, biktima bakoitzaren omenez, kandela bana pizteko. Oriako Lamiak taldeak bideo bat prestatu du egun honetarako eta sare sozialen bidez zabalduko dute eta 18:30ean, Erauskin plazan, kontzentrazioa egingo dute. Ekitaldietan maskara eta segurtasun distantzia mantentzeko eskatu dute antolatzaileek.
Ostegunean Mision insimision –intsumisioa misioa– antzezlana izango da Igartzan, Grupo las chirlas clown taldearen eskutik. Ikustera joateko gonbidapena eskuratu behar da.
Asteburuan Zauriak dokumentala ikusgai egongo da Beasaingo Udalaren webgunean. Astelehenean, azaroaren 30ean, berriz, Ahots paraleloak mahai ingurua izango da. Hau ere online bidez ikusi beharko da, Beasaingo Udalaren webgunean. Pandemia eta zaintza gaia jorratuko dute.
Ekitaldiak hasi dira
Fatiha Hajji Babaren El silencio –Isiltasuna– pintura erakusketa zabalik dago Igartzako monumentu multzoan. Igandera arte egongo da ikusgai. Halaber, Goierrin indarkeri matxistaik ez sormen lehiaketa abenduaren 4an itxiko da.