Lazkaoko ostalariek manifestazioan salatu dute "ondorio larriak" jasaten ari direla
'SOStalaritza aurrera' lelopean, aurreneko manifestazioa egin dute Lazkaoko tabernariek eta hainbat herritarrek. Kezka eta haserrea agertu dute. Laguntzak "gutxi eta berandu" iristen zaizkiela ohartarazi dute.
Auzo herrietan bezala, Lazkaoko ostalaritzako sektorea ere kalera irten da gaur eguerdian. Manifestazioa egin dute ehun-bat lagunek, SOStalaritza aurrera lelodun pankartaren atzean, zutabeka antolatuta. Lapikoak eta txilibituak joz, sektorearen egoera “larria” dela salatu dute protestarekin.
Merkatu-eguna zela baliatuz, hamabietan puntuan plazan elkartu, eta azokatik barrena buelta egindute, udaletxeko arkupeetatik igaroz. Herriaren erdiguneko tabernen aurretik igaro dira gero, abiapuntuan amaitzeko.
Idatzi labur bat irakurri dute, aurreneko manifestazioari amaiera emateko. “Lazkaoko ostalariak kezkatuta eta haserre gaude. Pandemiari aurre egiteko ezarritako neurri murriztaileak direla eta, ostalaritzan bizi dugun egoera salatzen dugu: gehien kaltetutako sektoreetako bat gara, eta ondorioak larriak dira. Instituzioetako diru laguntzak eskasak dira eta berandu datoz. Premiazko neurriak behar ditugu. Ostalarien jarduera ekonomikoa zein soziala gizartearentzat ezinbestekoa da”, azaldu dute.
Txalo artean animatu dituzte herritarrek tabernariak.
(Manifestazioaren argazkiak: Aimar Maiz)