Hondakin gutxiagorekin
Goierrira ere iritsi da Hondakinen Prebentziorako Astea. Ohitura aldaketan oinarritutako kanpaina digitala ari dira gauzatzen. Argazki, bideo eta aholkuak partekatzeko eskatu diete herritarrei
Europa osoan bezala, Goierrin ere ospatzen ari da Hondakinen Prebentziorako Astea azaroaren 21etik 29ra bitartean. Goierri garaian, Legazpiko, Urretxuko, Zumarragako eta Ezkioko udalek, UGLEk eta Ugassa garapen agentziak osatzen duten Garapen Jasangarriaren mahaiak bideratu du ospakizuna sentsibilizazio kanpaina baten bidez, eta Urola Garaian ohitura jasangarriak eraiki ditzagun lelopean.
Goierri garaiko kanpaina digitala da, eta lau udalen eta Uga-ssaren webguneetan eta sare sozilatetan gauzatuko da, COVID-19k eragindako egoerak hala behartuta.
Kanpainan hondakinak murrizteko premian jarri dute indarra, horixe delako hondakinen prebentziorako biderik zuzenena. Gainera, azken urtean lau herriotan sortutako hondakin kopuruak gora egin duela kontuan hartu dute kanpainaren bultzatzaileek. Aurten, aste bakar batean, Goierri garaian batez beste 141.939,51 kilo hondakin sortu direla jakinarazi dute.
Ohitura aldaketak
Datu deigarri eta kezkagarri hori ikusgai jarrita, ohiturak eta jokaera aldatzea eragin nahi dute kanpainaren bidez. Aldaketa hori gauzatzen hasteko, erreferentziak sortu nahi dituzte, eta horretarako, herritarrei dei egin diete hondakinak murrizteko dituzten ohiturak sareetan parteka ditzaten.
Facebook bidez eta #ohiturajasangarriak (eta norbere herriaren izena) erabiliz, dituzten ohitura jasangarri horien argazkiak, bideoak edo aholkuak argitaratzea eskatu diete herritarrei, denen artean elkarbanatzeko eta ahal bada, batak besteari kopiatzeko.
Kanpaina honetan parte hartzen dutenen artean, Bertatik Bertara egitasmoko parte diren baserritarren produktuez osatutako lau otar zozkatuko dituzte, Goierri garaiko herri bakoitzeko bat. Gainera, lehenengo 50 parte hartzaileek Bertatik Bertarako poltsa berrerabilgarria eskuratuko dute.
Ohiturak aldatzea eta hondakinak murriztea da helburua.