Adineko eta dinamiko
Gabiriako adineko talde bat ostegunero elkartzen da, lagun artean jarduera batzuk egiteko. Eguneroko martxatik irten, eta lagun artean une goxoa igarotzen dute. Emakumeak dira denak
Bigarren urtea osatzera doa Gabirian adinekoentzat udalak antolatu zuen dinamizazio taldea. 65 urtetiko gorako herritarrak elkartzen dira udaletxean, astean behin ordu eta erdian ostegunetan, 17:00etan, eta mota askotako ariketak, buru-lanak, eskulanak eta, batez ere, elkarren arteko harremana lantzen dute.
2019ko otsailaren hasieran hasi ziren elkartzen. 17 lagunek eman zuten izena hasieran, eta aurten bederatzi dabiltza. Nekane Peralto ormaiztegiar gabiriartua dute gidari. Koronabirusaren arazoagatik, seiko taldeak osatzeko, kurtso honetan txandaka joaten dira. Taxi zerbitzua ere badute joan-etorrirako, asko herrigunetik aparte bizi baitira.
Denak emakumeak dira. «Denentzat irekia da, gizonezkoak ere berdin etor daitezke, baina…», deitoratu du Peraltok. Gizonezkoak ere animatu ditu.
Beste munduko helbururik ez du egitasmoak. Baina, hain justu, bere xumetasunak ematen dio balioa. «Norberaren gaitasunak garatzea, edo behintzat ez galtzea da lortu nahi duguna. Adinekoen bizitza kalitatezkoa eta aktiboa izatea, bizitza duina izatea. Enpatia beti egon behar da, baina oraingo egoeran gehiago, garrantzitsua da. Lehenengo ordu erdian oraingo egoeraz hitz egiten aritu izan gara. Helduak ere kezkatuta daude. Mezu positiboak ematen saiatzen naiz, eguneroko albisteen negatitibotasunetik ihes egiten. Barre asko egiten dugu…», dio Peraltok.
Soinketa apur bat egiten dute lehenengo, gorputza mugitzeko. Ondoren, arreta-fitxak, jokoak, bingoan jolastu… «Eguraldi ona egiten duenean, kanpora paseatzera ateratzen gara, eta ahal bada gimnasia ere kanpoan egiten dugu». Antzerkia ere egiten dute, tarteka.
Egunerokotasunetik irten
Gabirian bezala, Itsason eta Ormaiztegin ere antolatu zituzten helduen dinamizazio taldeak. Edadetuen egunerokotasunari txinparta zerbait ematea ere bada helburua: «Kafetxoa hartzen dute Ostatuan. Eguneroko errutinatik irteteko aitzakia bat ere bihurtzen zaie, etxetik irten eta herrira etorri, lagun artean egon, hitz egin…».
Adinekoak gustura ikusten ditu Peraltok. Bera ere pozak zoratzen joaten da haiengana. «Ostegunean jada nekatuta egoten naiz, asteko lan zamagatik. Eta saio horretatik satisfazioarekin ateratzen naiz».
Kurtso osoa iraungo du taldearen jardunak. Urrian hasi ziren, irailean beharrean, koronabirusagatik. Eta maiatzaren azkenera arteko programazioa daukate. «Adinekoak ere zaindu behar dira. Orain arte haiek zaindu gaituzte gu, eta orain guk zaindu behar ditugu».
Kosta ahala kosta, aurrera
Konfinamenduan, adinekoek etxetik jarraitu zituzten Nekane Peraltok bidalitako lantxoak. «Fitxak udaletxean inprimitu, eta udaleko kideek banatzen zizkieten etxerik etxe. Tarteka hots egiten nien, jarraipena egiteko eta eurekin oroitzen nitzelako. Pare batek esan zidaten senarra ere aritzen zela orduan».
Zailtasunak zailtasun, astean behin elkartzeko aukerari eutsiko diote. «Seguru sentitzen dira, neurri guztiak hartuta. Beraz, jarraituko dugu». Ondo pasatzen.