«Behintzat jai-giro pixka bat sortuko dugu balkoietatik»
Ormaiztegiko aurtengo danborrada ez-ohikoa izango da: kalean izan ordez, balkoietatik joko dituzte danbor eta barrilak ormaiztegiarrek. Pedro Jaka zuzendariak azaldu duenez, bozgorailuak jarriko dituzte herrian.
Noiztik egiten duzue Ormaiztegin danborrada eguna?
Helduen danborradak Ormaiztegin etenak izan ditu. Hasi zen eta gero galdu egin zen kontu politikoengatik. Duela 12 urte inguru berreskuratu zen helduena. Haurrenak, aldiz, ez du etenik izan eta urte pilo bat daramatza.
Zu antolatzen eta danborren zuzendari lanetan aritzen zara festa aurrera eramateko.
Ni bakarrik entseguetan. Antolatzailea danborrada taldea da, udaletxera festetako bileretara joaten direnak. Udalaren, dinamizatzaileen eta talde horren arteko elkarlana da. Nik entseguak zuzentzen ditut, eta gero helduen danborrada ere zuzentzen dut. Nik danborrak, eta Aurelio Magallanesek upelak.
Noiz hasi zinen haurren zein helduen entseguak eta helduen danborrada zuzentzen?
Eliza parean, apaiz etxea zegoen lehen, eta zinea gero, oholtzarekin eta antzoki bezala erabiltzeko. Oso txikia zen. Ni hor hasi nintzen, Jose Antonio Galarragarekin. Bera bertan zebilen eta behin esan zidan laguntza behar zuela haurren danborradarekin, eta horrela hasi nintzen.
Berak utzi eta nik segitu egin nuen. Ez dakit zenbat urte diren, baina haurren danborradarekin agian 30 urte izango dira. Helduenarekin, berriz, berreskuratu zutenean hasi nintzen.
Aurten ez zarete kalera irtengo, baina behintzat helduko diozue ohiturari balkoietatik.
Bai, hor dabil talde bat, Aurelio eta beste hainbat. Bozgorailuak jarriko dituzt, balkoietatik danborrada jo ahal izateko. Ea zer ateratzen den. Igandean, 19:00-etan egingo dugu. Abesti osoak joko ditugu, 11-12 abesti izango dira, kalean jotzen ditugun berdinak. Nahiko luzea izango da, azkenean kalean ez da luzea izaten, mugitu egiten zara, baina geldi eta egiten duen hotzarekin…
Desberdina izango da, baina zer espero duzu egunaz?
Egoera honetan badakigu zer dagoen, eta behintzat jai-giro eta zalaparta pixka bat sortuko dugu. Festarik ez dago baina ahal bezala eutsiko diogu.
Balkoietatik izanda ere, zuk zuzenduko dituzu danborrak?
Bai, baina bizilagunekin soilik. Nire auzoan 8 pertsona inguru biziko dira. Beste kide bat beste auzo batean egongo da, eta hirugarren bat beste batean.
Konfinamenduan ere egin zenuten antzerako ekintza bat, danborrada balkoietan.
Bai. Hori, dena den, oso azkarra izan zen, momentu bateko kontua. Hamabost minutu edo egon ginen jotzen, eta batez ere jendea animatzeko izan zen.
Nolakoa izaten da danborrada eguna kalean?
Egunez ez dago ezer berezirik. Egun normala izaten da, eta beti San Andres bezperan egiten dugu: azaroaren 29an. Hasi ginenean lehenengo afaria egiten genuen, eta danborrada ondoren, 23:00etan. Duela bizpahiru urte aldatu genuen; orain, danborrada 20:00etan izaten da, eta gero afaria egiten dugu.
Frontoian elkartzen gara, txarangarekin entseatzen dugu eta kalera irteten gara jotzera. Eliza ondoan jartzen duten karpan bukatzen dugu. Iaz, karpara iritsi eta argirik ez zegoenez, eliza atarian egin genuen amaiera. Azaro hasieran hasten gara entseguekin eta 6-7 saio inguru egiten ditugu guztira.
Parte hartzaile gehienak emakumeak direla diozu.
Urtero ia jende berdina ateratzen da. Jende berria ere animatzen da, baina oso gutxi. Gainera, gehienak emakumeak dira, mutil gutxi daude.
Lehenengo entseguetan jende gutxi zegoen eta agian danborradarik ez zela izango zabaldu zen ahoz ahoz… Hurrengo entseguan jende pila bat izan genuen, eta denak emakumeak.
Ormaiztegiarrek gozatzen duten festa al da danborrada?
Jotzen duenak gozatzen du, bai, gero parte hartzen ez duen herriko jendeak ez dakit. Oso jende gutxi ateratzen da ikustera. Lehen, gauez egiten genuenean, kalean agian gu eta beste hamar lagun izaten ginen. Ormaiztegiko festetan hotza egin ohi du eta gauez are gehiago.
Orain, berriz, jende gehiago ibiltzen da, tabernak ere irekita egoten dira ordu horietan eta jendea dabil kalean. Ez da Ordiziako edo Beasaingoa bezala, oso txikia da. 60 lagun inguru elkartzen gara, Ormaiztegirentzat nahikoa. Oso sinplea da: txaranga, danborrak eta barrilak.