Haztegiko ikasleek azokara eraman dituzte azaroaren 25eko aldarrikapenak
Arratsaldean 'Chhaupadi' dokumentala proiektatuko dute, 19:00etan, Latxartegin, Matraka talde feministak eta ZIne Klub Legazpik antolatuta.
Emakumeenganako indarkeriaren aurkako eguna asteazkena izan bazen ere, Legazpin azaroaren 25eko oihartzunak gaur arte luzatu dira. Goizean zehar, Haztegi ikastolako Batxilergoko 1. mailako ikasleak azokan izan dira, erasoen aurkako aldarrikapenak legazpiarrekin partekatzen. Manifestua irakurtzeaz gain, testigantza batzuk ere kontatu dituzte eta klasean egindako panel batzuk azaldu dituzte, besteak beste erasoen gaineko zenbakiak eta estatistikak aipatuz.
Arratsaldean, berriz, Latxartegira eramango dituzte azaroaren 25aren inguruko aldarrikapenak, Matraka talde feministak Zine Klub Legazpirekin batera antolatutako dokumental emanaldiaren bitartez. Nepalgo emakumeen inguruko Chhaupadi dokumentala proiektatuko dute, 19:00etan, eta bukaeran, solasaldia izango da Nepaldala elkarteko kideekin. Nepalen egiten duten lanaz hitz egingo dute.