Irene Aldasoro itzultzaile idiazabaldarrak 'Jende normala' eleberria euskaratu du
Sally Rooney idazle irlandarraren eleberria da eta Alberdania Argitaletxeak euskaraz argitaratu du. Gaur aurkeztu dute Donostian itzultzaileak eta argitaletxeko editoreak.
Irene Aldasoro itzultzaile idiazabaldarrak Sally Rooney idazle irlandarraren Jende normala eleberria euskaratu du. Alberdania Argitaletxeak argitaratu du lana euskaraz eta gaur aurkeztu dute Donostiako Udal Liburutegian Aldasorok eta Jorge Gimenez Bech Alberdaniako editoreak.
Amodiozko istorio bat da Jende normala. Munduan leku zehatz propiorik aurkitu ez duten bi gazte dira protagonistak eta bakoitzaren bizitza propio eta erakargarri bat eraikitzeko egin behar duten borrokaz dihardu lanak. Idazleak, Sally Rooney-k, arrakasta handia izan du eta horren adibide da BBC kateak eleberrian oinarrituta egin duten telesaila. Editoreak eta itzultzaileak, izan duen arrakastaren harira, The Guardian egunkariak jasotako iruzkin bat aipatu dute: “Baliteke eleberri hau ez jardutea oraintxe gazte izateak esan nahi duenaz; hori baino gai hobea du: edozein garaitan gazte izatea eta maiteminduta egotea zer den. Biharko klasiko bat”.
Ibilbide luzeko itzultzailea da Aldasoro. Besteak beste, James Joyce, Henry James eta D.H. Lawrence idazleen lanak euskaratu ditu, eta bitan lortu du Euskadi Itzulpen Saria: James Joyce-en Dublindarrak liburuarekin 2.000. urtean eta Emily Brontë-ren Gailur ekaiztsuak lanarekin 2018an.