Euskararen eguna, ahaztu ezina
Ekitaldi xumeekin ospatu da Goierri osoan, batez ere ikastetxeetan. Zaldibian eta Legazpin kaleraino eraman dute ospakizuna ikasleek euskal musika eta dantzekin
Aurtengo Euskararen Nazioarteko Egunak kutsu berezia izan du, batetik pandemiak eraginda ekitaldi handiak ezin izan direlako egin, eta bestetik, Euskaraldiaren barruan egokitu delako. Arrazoi batek edo besteak ez dio ordea protagonismorik kendu, eta beste urteetan baino xumeago izan bada ere, Goierrin zehar ospatu da.
Ikastetxeak izan dira batez ere euskarak egutegian egun seinalatua duela gogoratu dutenak, eta abenduaren 3a, atzo, ekitaldiz eta ekintzaz bete zituzten gelak, patioak eta baita kaleak ere.
Goierriko bi muturretan
Zaldibian, esaterako, Lardizabal herri eskolako ikasleek eta irakasleek, modu xumean, baina gogoratu zuten euskararen eguna. Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailetakoak eskola atarian elkartuta, 3. eta 4. mailetakoak plazan eta 5. eta 6. mailetakoak Arrese tabernaren aurreko plazatxoan, euskal abesti ezagunak abestu eta dantzatu zituzten, euskal giroa herriko kaleetan barreiatuz.
Goierriko beste muturrean, Legazpin, Domingo Agirre eskola publikokoak aste osoa daramate euskararen egunaren inguruko ekintzekin, eta atzo, txikienek, musika irakasleen laguntzarekin dantza eta kantu saio edarrak egin zituzten Arantzazuko geletan. Gainerakoek, jolasak, musika eta lehiaketak izan dituzte lagun aste osoan zehar.
Legazpiko Haztegi ikastolakoek, bestalde, klaserik gabeko eguna izan zuten atzo, baina jolasekin, dantzekin, abestiekin eta euskararen kulturarekin zerikusia duten herriko txokoen bisitekin ospatu zuten euskararen eguna.