Ipuin labur, labur, laburren lehiaketaren sari banaketa ekitaldia Legazpiko Euskaraldia agurtzeko
Aurtengo edizioan 783 ahobizi izan dira Legazpin, 122 belarriprest eta beste 70-bat erakundek parte hartu dute talde gisa, 140 inguru arigune osatuz. Lehiaketan 105 lan jaso dira.
Berez gaur amaitzen bada ere, Legazpin atzo iluntzean egin zuten Euskaraldia agurtzeko ekitaldia Latxartegi aretoan. Doinua Musika eskolako ikasleen laguntzarekin, agur esan zioten aurten ia 1.000 legazpiarren inplikazioa izan duen ariketa kolektiboari. Euskaraldiaren bigarren edizio honetan 783 ahobizi izan dira Legazpin, 122 belarriprest eta beste 70-bat erakundek eman dute izena talde gisa parte hartzeko, horien baitan 140 inguru arigune sortu direla. Datu baikorrak, herriko batzordearen esanetan.
Legazpin Euskaraldia dinamizatzeko sortutako herri batzordeak, bestalde, Ipuin labur, labur, laburren lehiaketa antolatu du egun hauetarako, eta horren sari banaketa ere atzo egin zen Latxartegiko ekitaldian. Hiru kategoriatan banatuta, 105 lan jaso dituzte antolatzaileek eta Ane Odriozola eta Mari Romero idazleek eta Axier Iriondo bertsolariak osatutako epaimahaiaren ardura izan da irabazleak erabakitzea. Haurren kategorian, Nora Escudero izan da garailea, eta herrian gastatzeko 50 euroko erosketa bonua jaso du saritzat. Gazteen mailan Elene Goitia, Paula Bereziartu eta Ainhoa Gracia izan dira irabazleak, eta 100 euroko bonua jaso dute. Azkenik, helduen mailan Elena Markotegik irabazi du eta 200 euroko bonua jaso du. Sariak banatzen Koldobike Olabide alkatea, Mari Romero epai mahaikidea eta Jokin Uribetxeberria Legazpiko Euskaraldiaren batzordeko kidea aritu ziren.
Hemen ekitaldiko irudiak.