Hurrengoan beharko
Gabonetako Loteriak ez du dirurik utzi Goierrin. Koronabirusagatik salmenta ezberdina izan da Loteria saltzaileentzat. Errugbiko saskiaren zenbaki irabazlea 72.897 da
Abenduaren 22 goiza, begiak bizi eta belarriak tente, itxaropen izpiak izaten diren unea izaten da herritar askorentzat; Espainiako Loteriak Gabonetako sari potoloak banatzen dituen unea izaten baita. Itxaropena eta ilusioa saltzen dute urtero Loteria saltzen duten administrazioek eta herrietako hainbat eta hainbat elkartek; azken horientzat, elkartearentzat edo proiektuarentzat diru iturri garrantzitsua izaten da gainera. Aurten ere ez da zorterik izan eta gaurko egunez behin eta berriz errepikatuko den esaldia izango da, «hurrengoan beharko du».
Salmenta desberdina
COVID-19ak ere eragin du Loteria salmentan, Beasaingo Loteria Administrazioko Arantxa Zabaletak eta Mariaje Irastortzak jakinarazi dutenez, «Gabonetako Loteria izaten da zozketarik nagusiena, ohitura handia dago loteria erosteko. Hala ere, aurten oso desberdina izan da. Batetik, jende gutxiago atera denez kanpora , herritar askok herrian bertan erosi dute Loteria». Baina txanponaren beste aldean daude herrietako elkarteek eta eragileek saltzen duten Loteria; kasu horretan, zailtasunak izan dira eta gutxiago saldu da.
Aurten ere ez da dirurik iritsi, baina esperantza beti egoten da: «Pentsa zein poza litzatekeen, guretzako eta batez ere bezeroentzako. Herri mailako loteria bada pentsa, jende askok erosten du». Beasaindarren kasuan, herriko posta kodea gogoko omen dute, 20.200 zenbakia, eta 13 bukaera dutenak ere bai. «Zenbaki polita tokatzen dena da».
Errugbi elkartearen saskia
Ordizia Errugbi Elkarteak zozketatzen duen saski erraldoiaren itxaropenean goierritar asko izaten dira. Aurten inoiz baino sari gehiago eta potoloagoak sartu dituzte saskian. Abenduaren 22ko Loteriaren zenbaki irabazlearekin bat datorrenaren zenbakiaren72.897 jabeak jasoko du saskitzarra. Hori bai, hilabeteko epean saritua agertzen ez bada, saskia loterian irtengo den bigarren sariari 06.095 emango zaio. Beraz, oraindik ere, ondo gorde txartelak.