Aldasoro izan da garaile gaur burututako apustuan
Jakes Aldasorok irabazi du gaurko norgehiagoka apustuaren bigarren zatian Ander Garmendiari aurrea hartu ostean
Gaur burutu dute Jakes Aldasoro eta Ander Garmendia beasaindarrek 2019ko urrian adostu zuten apustua. 09:00etan elkartu dira lehiakide zein ikusleak Aramako Loitza pilotalekuan apustuaren lehenengo zatiari hasiera emateko asmoz.
Aurretik ezarritako baldintzak betez, 10-0 tantoko abantailarekin hasi da Aldasoro fronteniseko partidan, baina erraketa kolpe batzuen ostean berehala hartu dio aurrea Garmendiak bere aurkariari eta 12-30 emaitzarekin amaitu dute partida. Baldintzetan tanto bakoitzarekin mendi bueltarako minutu bat oparitzea adostu zuten, eta honi esker Garmendiak 18 minutuko abantaila ateratzea lortu du apustuaren bigarren zatirako.
Aramako frontoitik Beasaingo kiroldegira jaitsi dira autoan bi lehiakideak. Behin han elkartu eta gero, Garmendia Murumendi aldera irten da berehala, eta Aldasoro 18 minutu beranduago. Fronteniseko irabazlea aurrea hartuta ibili den arren, Murumendi puntara iritsitakoan atzera begiratu eta «Aldasoro orpoz orpo zebilela» ikusi du.
Azkenean Aldasoro bere aurkaria aurreratzea lortu eta gero, ziztu bizian jaitsi da kiroldegi aldera Otaño baserritik behera eginaz eta 1h 22 minutuko denborarekin apustua irabaztea lortu du. 1h 46 minutuko denborarekin eta ikusleen txalo artean Garmendia ere heldu da kiroldegiko helmugara.
«Frontenisean ongi ikusi naiz. Banekien Jakesi ahalik eta tanto gutxien egiten utzi behar niola eta 2 tanto bakarrik egin ditu azkenean» kontatu du Garmendiak «mendian ere ongi nebilela uste nuen, Jakes hortxe ikusi dudan arte. Ez dut uste gaizki egin dudanik, baina Jakesek oso ongi egin du». Aldasorok, bestalde, frontenisean indarrak gerorako gorde dituela aipatu du: «Mendian gora oso erraz joan naiz. Behera jaisterakoan gehiago sufritu dut, baina hala ere lortu dut apustua».
Bi lehiakideek Beasaingo gazteen artean giroa jartzea lortu dute gaur goizean, baina apustua bukatutzat emateko, Garmendiak bazkari bat ordaindu beharko dio Aldasorori bihar Donostiako Aratz jatetxean.