Suakai eta Dantzaz emanaldiak Usurbe Antzokian
Urtarrilaren 4an eta 5ean egongo dira ikuskizunak Beasaingo Usurbe Antzokian
Usurbe Antzokiak bi ekitaldi antolatu ditu datozen egunetarako, alde batetik urtarrilaren 4an 19:00etan Suakai taldearena, zinemaren magia eta bere musika uztartuz. Beste aldetik, Dantzaz konpainiak Nazioarteko Sorkuntza Koreografiko Zentroan egindako hiru pieza aurkeztuko ditu urtarrilaren 5ean 19:00etan.
Suakai taldeak zinemaren emozioa antzoki eta auditorioetara eraman nahi izan du oraingoan, zuzeneko soinu banda originalarekin. Ikuskizunak irauten duen 75 minutuetan, ikusleak etenik gabeko bidaia bat egin ahal izango du zinemaren historiako soinu banda garrantzitsuenetatik zehar, filmetako irudiekin lagunduta. Ikusleen bi pasio handienak batuz, zinema eta soinu bandak, ikuskizun paregabea egingo dute Suakai taldeko kideek. Sarrera 10€ izango da, eta dagoeneko eskuragarri dago Usurbe Antzokiko lehiatilan edo Kutxabanken bidez.
Bestetik, Dantzaz konpainiak Sade Mamedova, Vita Osojnik eta Martin Harriaguek sortutako hiru pieza aurkeztuko dituzte: Thirty, Hombre Masa eta Walls. Hiru sorkuntzek dantza ikuskizun bat osatzen dute mota guztietako ikus-entzuleentzat. Thirty sorkuntzan, dantzariek dantza guztiz birtuoso, emozional eta fisikoak garatuko dituzte. Hombre Masa, bestetik, 20 minutuko talde pieza bat izango da, non norbanakoak eta taldeak daukaten garrantzia koreografiko guztia. Azken pieza Walls izango da, munduaren eta gaur egungo gizartearen 35 minutuko gogoeta bat. Emanaldi honen sarrera 6€-tan egongo da salgai, eta hau ere dagoeneko eskuragarri dago Usurbe Antzokiko lehiatilan edo Kutxabanken bidez.













