Irune Azpeitiak, Paul Beiterrek eta Gari Ugartek irabazi dute Haztegiko bertso lehiaketa
Legazpiko ikastolak lehen aldiz antolatu du mailakako bertso lehiaketa, eta partaidetza handia izan du ikasleen artean. Sari banaketa ekitaldia martxoaren 25ean egin dute.
Irune Azpeitiak, Paul Beiterrek eta Gari Ugartek irabazi dute Legazpiko Haztegi ikastolak ikasleen artean antolatu duen mailako lehen bertso lehiaketa. Sari banaketa ekitaldia martxoaren 25ean, ostegunean egin dute.
Martxoaren 9an abiatu zen bertso lehiaketa hau, “bertsogintza lantzeko, euskararen erabilera sustatzeko eta literatur zaletasuna bultzatzeko helburuarekin”. Antolatzaileek adierazi dutenez, “azpimarratzekoa da ikasleen artean piztu duen interesa”, eta horren lekuko da izandako partaidetza handia.
Bertsolariak mailaka sailkatu dituzte, hiru kategoria osatuz. Lehen eta bigarren kategorian honako gai honen inguruan jardun dute: “Ohiko moduan, gosariko azken mokadutxoa ahoan, ikastolara abiatu zara lanerako gogo zipitzik gabe. Igogailuan sartu eta egundoko ezustekoa hartu duzu”. Hirugarrenean, berriz, hauxe izan dute gaia: “Aspaldi zabiltza zalantza batekin: zer ote da zoriona? Otu zaizu amonari galdetzea, hark jakingo baitu horren gainean zeozer. Zer erantzun dizu amonak?”.
Mariaje Telleria, Sorkunde Uzkudun eta Aitor Gurrutxaga irakasleek osatu dute epaimahaia, eta lehen aipatutako Irune Azpeitia, Paul Beiter eta Gari Ugarte izendatu dituzte irabazle.
Ekitaldi honekin ibilbide berri bati hasiera eman diotela diote antolatzaileek, eta “tinko eutsiko dio horrelakoekin Haztegi ikastolak euskara sustatzeko lanari”.