Goierriko turismo altxorren berri instagramen, goierritarren eskutik
Aldundiaren Aste Santuko turismo kanpainan parte hartuko dute @ehfurgo eta @chalo84 goierritar instagramerrek. Egun baterako plana proposatuko du bakoitzak.
Gipuzkoako hainbat tokitako instagramerren bidez gauzatuko du aurten Aste Santuko turismo kanpaina Gipuzkoa Foru Aldundiak, Gaur nirekin lemapean. Instagramer horien artean, Goierriko bi daude: @ehfurgo, Goierriko beheko herrien ordezkari gisa, eta @chalo84 Goierri garaikoen aldetik.
Instagramer horien eginkizuna izango da dagokien egunean foru aldundiko turismo sailaren instagram kontuaren ardura hartzea (@gipuzkoaturismoa), eta istorioetako argitalpenen bidez norberaren eskumeneko herrietan zehar plan bat proposatzea. Plan horretan, naturaz gozatzeko, baliabide turistikoak bisitatzeko eta ostalaritzako lokalen edo dendaren batera joateko proposamenak egin beharko dituzte.
Insta-tour hau gaur hasi eta apirilaren 10ean amaituko da. Amaieran lehiaketa bat izango da, plan erakargarriena hautatzeko, sari eta guzti. Goierri behekoen txanda apirilaren 2an izango da, eta Goierri goikoena, apirilaren 9an.
COVID-19ak ezinbestean baldintzatutako Aste Santu honetan, tokiko turismoaren alde egin du foru aldundiak ekimen honekin.
Goierrin zehar, bi plan
Goierri beheko herrien berri emateaz arduratuko den @ehfurgo instagram kontuaren atzean Arkaitz Apalategi eta Nagore Lizarralde ormaiztegiarrak daude, eta «egun pasako plan bat, nahiko betea» eskainiko dute ostiralean. Goierri erdia «gorrian» dagoela kontuan hartuta, moldatu egin behar izan dute plan hori, baina aukera ugari dituzte esku artean: gaztandegi bat bisitatzea, Segura eta Zerain arteko ibilbidea, Aizpeako meategiak, bide berdea…
Gonzalo Iza zumarragarrak, berriz, Goierri goiko lau herrietan (Ezkio-Itsaso, Legazpi, Urretxu, Zumarraga) zehar egiteko plana proposatuko du @chalo84 kontutik, «baina oraindik konfirmazio batzuk falta ditut, eta eguraldiaren menpe ere banago».
Gaur nirekin egitasmoaren aurkezpenean Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendari Iker Goiriak aipatu zuenez, kanpaina Aste Santuan zehar gauzatuko da, baina «bidali nahi dugun mezua da birusaren aurkako borrokan aurrera egiten jarraitzen dugun bitartean, gure lurraldea ezagutzea dela irtenbiderik interesgarriena, are gehiago kontuan hartuta zenbat baliabide erakargarri ditugun gure inguruan».