Hotz Legazpik eskoletara eraman du errefuxiatuen eta etorkinen gaia
Sentsibilizazio kanpaina burutu du ikastetxeetan, 'Zergatik etortzen dira?' izeneko unitate didaktikotik abiatuta. Zaporeak, SMH eta Irungo Harrera Sarea elkarteko kideen laguntza izan du
Hotz Legazpi elkarteko boluntarioek errefuxiatuekiko duten konpromisoa eskoletaraino eraman dute. Martxoan zehar, kaleratu berri duten unitate didaktikoaren babesean, hitzaldiak eta solasaldiak egin dituzte ikasleekin eta euren herria utzi behar izan duten pertsonekin lan egiten duten hainbat erakundekin.
Legazpiko Domingo Agirre eskola, Haztegi ikastola eta Olazabal institutua, Urretxu-Zumarragako Gainzuri eskola eta Ezkio-Itsasoko herri eskola izan dira sentsibilizazio kanpaina berezi honen hartzaileak. Beste aldean, Hotz Legazpiko kideekin batera, Itsas Salbamentu Humanitarioa (Salvamento Maritimo Humanitario-SMH), Zaporeak eta Irungo Harrera Sarea elkartekoak egon dira.
Unitate didaktikoa
«Gure lanen artean, ikasleekin ere errefuxiatuen gaia lantzea interesgarria izango litzatekeela pentsatu genuen», azaldu du Hotz Legazpiko kide batek, eta lehen pausoa unitate didaktiko bat sortzea izan zen. Zergatik etortzen dira? izenburua du, eta Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleekin eta DBHko 1. eta 2. mailakoekin lantzekoa da.
Unitate didaktikoa prest zutenean, ikastetxeetara jo zuten ikasleekin erabiliko ote zuten galdetzeko, eta baietz erantzun zutenez, sentsibilizazio kanpainari hasiera eman zioten. Hala, ariketa liburu horretan planteatutako gaiak tutoretza eta etika orduetan landu ondoren, errefuxiatuekin eta migranteekin lan egiten duten hainbat elkarteko ordezkariekin solasaldiak egin dituzte azken asteotan.
SMHko Nerea Machado eta Iñigo Gutierrez, Zaporeak elkarteko Irati Azkue, eta Irungo Harrera Sareko Oihana Galardi gonbidatu ditu Hotz Legazpik kanpaina honetan parte hartzeko, eta horiek izan dira eskolaz eskola euren esperientzia pertsonalak kontatzen eta lan egiten duten erakundearen informazioa zabaltzen jardun dutenak.
Hotz Legazpiko kideak «oso gustura» geratu dira esperientziarekin, «ikasleen inplikazioa osoa ona izan da, galdera egokiak egin dituzte… Sentsibilizazioa zen helburua, eta agian helarazi diegunetik asko ez zaie geldituko, baina geratzen zaien hori abiapuntu bat da». Ikasleen artean agertu dira elkarte horietan lan egiteko interesa adierazi dutenak, eta hemen bertan zer egin dezaketen ere galdetu dutenak: «Gure eskoletara etortzen direnei harrera ona egiteko, ondo jokatzeko haiekin, haien lagun egiteko… esan diegu».
SMH, Zaporeak eta Irungo Harrera Sarea elkartekoek ere positiboki baloratu dute Goierri garaiko eskoletako lanketa, eta Hotz Legazpiren unitate didaktoagatik interes handia agertu dute, haien sentsibilizazio ekintzetan erabiltzeko.
Legazpiarren dohaintzak
Bestalde, sentsibilizaio kanpainan parte hartu duten ikasleen bidez helarazi die Hotz Legazpik hiru elkarte horiei legazpiarrek egindako dohaintzekin jasotako dirua, azkeneko aldiz esne bilketaren egunean. Hau da laguntzeko kontu zenbakia: ES69 3008 0210 10 3302307719.