Ilintxak bideo bat kaleratu du Reala animatzeko
Bi taldeetako jokalari beteranoak dira protagonistak: Migel Altolagilrre Ilintxatik, eta Migel Loinaz Realetik. Sare sozialen bidez zabaldu dute Gorka Gomezek egindako lana.
Legazpiko Ilintxa futbol elkartea ere batu da Koparen finalari begira Real Sociedad taldeari elkartasuna adierazi diotenen zerrenda luzera. Bideo bat prestatu du horretarako, eta sare sozialen bidez zabaldu du.
Herriko klubeko eta Realeko jokalari beterano bana dira bideoaren protagonistak: Migel Altolagirre Ilintxatik, eta Migel Loinaz Realetik. Beste bi aktore txiki ere agertzen dira, Ilintxako jokalari diren Oinatz Gorospe eta Neike Monteagudo, eta horiekin batera, Jon Guridi. Gorka Gomezek egin du lana.
Ametsen bitartez elkartu egiten diren belaunaldien arteko istorioa da bideoan jasotzen dena, Altola eta Loinaz beteranoen jokalari garaiak eta gaurko futbolari gazteen garaiak nahastuta. Altolaren talde zaharreko irudiarekin eta Loinazen ligako kromoarekin batera, bitxikeri bat ere agertzen da lan honetan. Izan ere, Latxartegiko futbol zelai zaharrean 1961ean jokatutako partida batean garai hartako Super 8 kamerarekin grabatutako bideo baten zatia ere jaso dute.