Pedro Vega: «Burdinarekin lotutako ondarea babestea da gure helburu nagusia»
Legazpiko ondarea ikertzea eta babestea helburu duen elkarteak ia 30 urteko ibilbidean argitaratuta dituen lan guztiak Internetera igo ditu. Argitalpen horiek eta etorkizunekoak hizpide izan ditu Vegak.
Non aurki daitezke Burdinolaren lan guzti horiek?
Legazpiko Udalaren webgunean, www.legazpi.eus/burdinola.
Eta zer nolako lanak dira?
Denetik dago. Altzairu eta haizeolei buruzko hainbat koaderno didaktiko, argazki liburuak, euskarari buruzko liburuak, burdinari buruzkoak, Aztiria eta Elbarrena auzoei buruzkoak, Txinpartak aldizkariaren 45 aleak, mapak, triptikoak, egutegiak, La Salle elkartearen aldizkariak… Burdinola elkartea 1993an sortu zenetik egindako lanak dira guztiak. Azkena ere jaso dugu, Felix Ibargutxiren Elbarrena, auzo ahaztua.
Txinpartak aldizkariak aipamen berezia merezi du.
Urtean bi zenbaki argitaratzen ditugu, eta 45. zenbakiraino iritsi gara. Azkena iazko neguan kaleratu genuen. Bazkideon eta kolaboratzaileen artean idazten dugu, Manolo Salmeronek koordinatuta eta maketatuta… Aldizkariaren alma mater izateaz gain, artista bat da!
Argitalpenenez gain, zer gehiago egiten du Burdinolak?
Bi hitzaldi urtean, bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz. Iazko urtea berezia izan zen, eta bakarra antolatu genuen, Olaberriko burdinolari buruzkoa.
Herriko beste elkarteekin ere lankidetzan jarduten duzue.
Bai, Doinua musika eskolarekin batera, adibidez, kontzertua antolatzen dugu San Migel baselizan, eta San Joan bezperako arma alardean eta Aizkorrin Barrena mendi martxan ere parte hartzen dugu, besteak beste.
Urteko ekintzen barruan bada herritar guztiei zabaltzen diezun beste bat, txangoa.
Arrakasta handia izaten du, gainera, autobusa beti bete egiten da beti, 55 plaza. Gipuzkoan, Araban, Bizkaian, Nafarroan, Iparraldean eta Burgosen zehar ibili gara burdinolak, dorretxeak, jauregiak, kobazuloak, elizak, erromatar herrixkak eta ondare arkeologikoak ikusten.
Indusketak ere egin dituzue.
Eta jarraitzen dugu egiten, iaz azkenak. Zepadien aztarnen bila ari gara, Suediako Upsala unibertsitatera azter ditzaten bidaltzeko. Zepadiak eskoria pilak dira, eta garai batean burdina ateratzeko erabiltzen zen haizeola bat gertu egon izanaren adierazleak. Aztarnak aztertuta, haizeolak noizkoak diren jakin nahi dugu. Legazpi, Zerain, Mutiloa eta Gabiriako mendietan zehar 130 zepadi inguru aurkitu eta katalogatu ditugu dagoeneko.
Burdina da elkartearen jardunaren ardatza.
Bai, elkartea burdinaren inguruko ondarea ikertzeko helburuz sortu zen. Legazpiko historiarekin estu lotuta dago burdina, eta ondare hori babestea eta ikertzea da gure oinarrietako bat, baina gainerako ondarea ez dugu alboratzen.
Partzoneriari buruzko lan bat egin berri dugu, adibidez, eta aurten argitaratuko dugu. Jose Luis Ugarte eta Aitor Azpiazu burdinolakideek koordinatu dute. Legazpiko Angel Martinez arkeologoak ere parte hartu du. Izugarrizko lanak egiten ari da, Gasteizen bizi den arren.
Badituzue proiektu gehiago?
Egoera ez bada asko aldatzen, aurten ere ezingo ditugu egin txangoa, alardea edo kontzertua, baina urrirako hitzaldi bat dugu aurreikusita, Pako Etxeberria auzitegiko medikuarekin. Beste hitzaldi bat ere egingo dugu seguru aski. Eta beste proiektu bat ere aipatu behar dut, Lenbur Fundazioarekin lankidetzan landuko duguna. Burdinolako sortzaileetako bat izan zen Ignazio Arbidek abiatutako proiektua da, Txillidari buruzkoa. Txillidak lotura handia izan zuen Legazpirekin, eta horren inguruan Txinpartak berezi bat prestatzen ari gara. Esan behar da, gainera, Burdinolaren logoa Txillidak egindakoa eta oparitutakoa dela.
La Salleren funtsarekin lotutako beste proiektu bat ere badugu esku artean, eta Korrikari buruzko argazki erakusketa ari gara prestatzen hurrengo urterako.
Eta aurreragorako, Nafarroa kalearen historia jasotzea nahiko genuke. Ezin aipatu gabe utzi Felix Ibargutxi kazetari-ohiak egitasmo berriekin jarraitzen duela eta oso pozgarria dela guretzat. Bestetik, Iñaki Beldarrain ere fabrikako istorio harrigarriak ateratzen ari da eta aurten ezagutzera emango ditugu.
Atzera begiratuta, zein da orain arteko balorazioa?
Ia 30 urtetan lan ugari egin ditugu, eta azpimarratzekoa da Txinpartak-en bidez egin dugun dibulgazioa. Horrez gain, Bartzelonan metalurgiaren inguruan egindako mintegi batean parte hartu dugu, eta Txekiar Errepublikan ere izan ginen zepadien inguruko lan bat aurkezten. Donostiako erakusketa batean ere izan ginen, zepadien mapa batekin. Nazioarte mailako hitzorduak ziren horiek.
Legazpiko mugak gainditzen dituzue, beraz.
Bai, are gehiago orain, Internetarekin. Bazkideetako batzuk Legazpitik kanpokoak dira.
Zer egin behar da Burdinolako bazkide izateko?
Gaur 100dik gora gara, eta gehiago izateko eta ekarpenak jasotzeko gertu. Jende asko dago ondarearen munduaz interesatuta, eta gurekin harremanetan jarri besterik ez dute bazkide egiteko. Ni neu Latxartegin dugun lokalean egoten naiz astelehenetik ostegunera, goizez, artxiboa antolatzen eta informazioa biltzen. Kuota bat ordaintzen dugu bazkideok, eta trukean elkartearen lan guztiak jasotzen ditugu eta, nola ez, gure ondarea gordetzen laguntzeak ematen duen poztasuna.