Gernikako bonbardaketa gogoratu dute pentsiodunek Legazpiko elkarretaratzean
Teknologia berriek eta informatizazioak lanpostuen galera ekarri duela salatu dute, pentsioen inguruan azken astean aldaketarik ez dela izan azaltzearekin batera. Hurrengo elkarretaratzea maiatzaren 10ean egingo dute.
Astelehenero bezala elkartu dira gaur ere Legazpiko pentsiodunak Euskal Herria plazan, pentsio duinen aldeko aldarrikapenekin jarraitzeko. Gaur, Gernikako bonbardaketa izan dute hizpide, haren 84. urteurrena betetzean.
Bestela, teknologiak ekarritako aurrerapenei aipamena egin diete, horien ondorioz “erabat aldatzen ari da bai lan egiteko modua zenbait kasutan, zein enpleguaren kalitatea bera”. Makinek langileak ordezkatzen dituztela, eta etekina enpresariek jasotzen dutela esan dute.
Tekonologia berriekin lotuta, informatizazioa ere aipatu dute, bereziki bankuko gestioena. Horrekin, bankuek “lanpostuak deuseztatu eta plantillak murriztu” nahi dituztela salatu dute batetik, eta bestetik, adineko askok ordenagailurik ez dutela edo ordenagailuaren bidez gestioak egiteko zailtasunak dituztela nabarmendu dute.
Azkenik, pentsioen inguruan aldaketarik ez dagoela esan dute, eta aurrerantzean ere orain arte bezala jarraituko dutela iragarri dute, astelehenetan 11:30ean elkartuz, udaletxe aurrean. Datorren astelehena, ordea, jai eguna da Legazpin, eta hurrengo elkarretaratzea maiatzaren 10ean egingo dute.