Ruben Calvo, brontzea Gipuzkoako judo txapelketan
Kadete mailako lehen urtean ari da 15 urteko legazpiarra. Entrenamendu egokiak egin ezin izanak "lan bikaina" egitea ez diola eragotzi dio Judo Legazpi klubak.
Judo Legazpi klubeko Ruben Calvok brontzezko domina irabazi du Gipuzkoako kadete mailako txapelketan, -66 kiloko kategorian. Asteburuan jokatu da txapelketa, Errenteriako Fanderia pilotalekuan.
Legazpiko klubeko arduradunak pozik daude 15 urteko Calvoren dominarekin, hare gehiago urtebete eta bi hilabete lehiatu gabe egon direlako. Gainera, “ezarritako osasun araudiari jarraituz, gutxi eta nekez entrenatu” dutenez, ezin izan dute lehiaketa prestatu nahi bezala.
Calvok “bi erronkari egin behar izan die aurre” txapelketa honetan, “lehiaketara modu egokian ezin prestaturik” aurkezteari, eta kadete mailako lehen urtea izateari. Kategoria honetan, “judo zorrotzago bati aurre egin behar diote, ohituta dauden baino teknika eta garapen askoz aurreratuagoekin, eta aurkariak eurak baino bi urte zaharragoak izan daitezke”. Baina Calvok “oso serio hartu ditu entrenamendu saioak”, eta “lan bikaina egin du”.