Santikutz jairik ez da ospatuko, baina kultur eta kirol egitaraua indartu dute
Egoera epidemiologikoagatik festak egiteko unea ez dela dio udalak. Klasikoa eta ezpata-dantza, Santikutzei keinu egiteko ekitaldi bakarrak. Haurrentzako saioak eta musika dira nagusi
Bigarren urtez jarraian, Santikutz jairik ez da ospatuko Legazpin. Legazpiarrek dagoeneko ondo barneratuta zuten festarik ez zela izango aurten, baina atzo ofizial egin zuen udalak, Koldobide Olabide alkatearen eta Iñigo Imaz kultura zinegotziaren ahotik.
«Bizi dugun egoera epidemiologikoagatik, ez gaude festetarako ezta ospakizunetarako ere», adierazi zuten irmo bi udal agintariek. Ekitaldirik, hala ere, ez da faltako Santikutzak ospatu behar ziren asteburu luze honetan, egun horietarako kultur egitaraua indartu egin baitute, festei keinu pare bat ere eginez. «Kultur ekimena antolatu ahal da, eta segurua da».
Gune irekiak eta edukiera
Herriko kultur eragileekin elkarlanean antolatu dute asteburu honetarako egitaraua, eta era guztietako ekitaldiak izango dira, baina haurrentzako jarduerek eta musikak toki berezia izango dute.
Nabarmentzekoa da LEK erraldoi konpartsak prestatu duen ikuskizuna, lehen aldia delako formato berezi horretan herritarren aurrean agertuko direna. Erraldoi txikiak berritu direla eta, itxura berriaren aurkezpena egiteko ere baliatuko dute larunbatean Haztegiko patioan egitekoak diren saioa. Ez da hori izango haurrei zuzendutako ekitaldi bakarra, marrazki lehiaketa, magia ikuskizuna eta jolasak ere izango dituztelako aukeran herriko txikiek.
Musikaren atalean, berriz, Doinua musika eskolako dultzaineroen eta Goiz Deia txistulari bandaren kalejirak aipatu behar dira batetik, eta Haztegiko patioa heavy doinuez beteko duten Elbereth eta Anker taldeen kontzertua, beteranoak batzuk, eta publikoaren aurrean lehen aldiz joko dutenak besteak.
Bestetik, segurtasun eskakizunak zorrotz beteta, festetako ohiko bi ekitaldi ere izango dira asteburuan, Santikutz txirrindulari Klasikoa maiatzaren 1ean, eta Sustraiak dantza taldeak eskainiko duen ezpata-dantza maiatzaren 3an. Azken egun horretan dantza gehiago ere izango da, Kukai taldearen eskutik.
Maiatzaren 2ko herri danborrada egiteko deia ere luzatu dute, baina ezohiko formatoan: leihoetan eta balkoietan.
Ekitaldi guztiak leku irekietan egingo dira, eta edukiera mugatuarekin.
Erantzukizunez jokatzea
Egitaraua azaltzearekin batera, erantzukinez jokatzeko deia egin dute Olabidek eta Imazek, eta uneoro maskara eramatea, segurtasun distantziak gordetzea eta lau lagunetik gorako bilerak ez egitea eskatu die legazpiarrei. «Bizitzen jarraitu behar dugu, baina erantzukizunez».
Ekitaldietarako sarrerak, kultur etxean eskuragarri
Santikutz jaien ordez asteburu luze honetan egingo diren ekitaldiak kaleko espazioetan, eta edukiera mugatuarekin egingo dira. Hori dela eta, beharrezkoa izango da gonbidapena eskuratzea maiatzaren 1eko erraldoi konpartsaren ikuskizunerako, maiatzaren 2ko Elbereth eta Anker musika taldeen kontzerturako, eta maiatzaren 3ko ezpata-dantza ekitaldirako, Eriz magoaren ikuskizunerako eta Kukai dantza taldearen saiorako.
Kultur etxean eskuratu daitezke gonbidapenak bihar ostiralera arte, dohainik. Pertsonako lau gonbidapen bakarrik banatuko dituzte. Espazioetako ateak ekitaldiaren hasiera baino 30 minutu aurretik irekiko ditzute, sarrera unean jende pilaketak saihesteko.