Goenako ur biltegia hustu dute larunbateko gertakarien ondorioz
Gipuzkoako Urak sozietateak 1.500 metro kubo edateko ur bota behar izan ditu Goenako biltegitik, larunbatean gazte batzuk bertara sartu eta gero.
Legazpiko Udalak jakinarazi duenez, Gipuzkoako Urak sozietateak 1.500 metro kubo edateko ur bota behar izan ditu Goenako biltegitik, larunbat iluntzean gazte batzuek ateko sarraila apurtu eta bertara sartu eta gero. Kopuru hori herriko egun eta erdiko kontsumoa da.
Larunbat iluntzean Gipuzkoako Urak enpresako langile bat joan zen biltegira bertako alarmak jo eta gero, eta iristean nerabe batzuk ikusi zituen handik irteten. Goenagako biltegiak araztutako eta tratatutako ura pilatzen du, ondoren udalerrian kontsumitzeko. Edateko ura da eta zuzenean iristen da etxeetara. Horregatik «badaezpadako neurri gisa», ura hustea eta udalerria beste biltegi bateko urarekin hornitzea erabaki dute.
Gertaera «larria» izan dela dio udalak, eta «gaztetxo batzuen okerkeria bat izatetik askoz harago doa». Horren aurrean, ikastetxeekin jarri da harremanetan haien laguntza eskatzeko, eta eskaera bera helarazi die Legazpiko gurasoei ere.
Gipuzkoako Urak sozietateak 1.500 metro kubo edateko ur bota behar izan du. Gazte batzuk sarraila apurtu eta Goenagako edateko ur-biltegira sartu ziren. https://t.co/wZK48zGjey#legazpiherria pic.twitter.com/lrK41Pf6Ut
— Legazpiko Udala (@LegazpikoUdala) May 10, 2021