Insanos, rock eta punk doinuetan murgilduta
Musika talde legazpiarrek ez dute atsedenik hartzen. Insanos taldeko kideen txanda da orain, rock eta punk doinuak uztartzen dituen diskoa kaleratu berri dute. Publikoaren aurrean noiz aurkeztu irrikitan daude.
Legazpiko musika jarioak ez du etenik, eta hori erakustera etorri da herriko talde batek argitaratu duen diskoa. Insanos taldearen Quiza mañana CD-a kalean da, rock eta punk doinuak uztartuz.
Insanosen lehen diskoa da, eta iazko martxoan hasi eta pandemiak etenda utzi zuen grabazio prozesu luzearen emaitza; aurten amaitu dituzte Beasaingo Pottoka estudioko lanak, Fredy Pelaezen gidaritzapean. Hamar abestiz osatuta dago CDa, eta herriko hainbat puntutan dago salgai 10 euroan. Harrera ezin hobea izan du lanak.
2016an sortua
Insanos 2016an sortutako taldea da. Bateria jotzen duen Jokin Arnaizek, Iñaki Azpilikueta baxu jotzaileak, Jose Antonio Llamazares gitarra jotzaileak eta gitarra jo eta abestu egiten duen Edu Gilek osatzen dute. Hasierako formazioa da.
Rock eta punk doinuak lantzen dituzte, eta horiek dira, hain zuzen, Quiza mañana lanaren ardatz nagusiak, «melodia pop batzuk tartekatuta», Gilek azaldu duenez. Lanak «ez dauka birtuosismo handirik, baina dexente landu dugu», eta emaitza ez da makala. Taldearen lehen diskoa da, lau partaideen lehen lana, eta «danontzako esperientzia berria izan da».
Abestiak lauren artean konposatu dituzte, eta hitzak Gilek osatu ditu, «nire bizipenetan oinarrituta, kritika soziala, amodio eza… Letrak pixka bat ilunak dira, baina beti itxaropen puntu batekin». Zortzi gaztelaniaz dira, beste biak euskaraz.
Oso pozik daude izan duten harrerarekin, «kritika onak jasotzen ari gara», dio Gilek, eta horrek indarra eman die abesti berriak sortzen hasteko eta taldean «haize freskoa» sartzeko.
Taula gainean aritutakoak
Diskoa kaleratzea esperientzia berria izan da Insanos taldearentzat, baina bestelako eskarmentua bazuten, taula gainean eta publikoaren aurrean jotzen jardundakoak zirelako grabazioarekin hasi aurretik. Sei bat kontzertu emanda zituzten, pandemia iritsi aurretik. Beti egon dira jotzeko prest.
Azken hilabeteetan ez dute entsaiatzeko aukerarik izan, lokalak itxita daudelako, baina hasteko prest daude, baita jotzen hasteko ere. Diskoa aurkezteko asmoa dute, baina egoera hobetzen denean, «publikoa eserita dagoela ez behintzat, oso hotza iruditzen zaigu». Ea azkar aldatzen den guztia.
INSANOS: ‘QUIZA MAÑANA’
CD formatoa. Rock-punk doinuak, hamar abesti: Siento tu aliento, Nada ha cambiado, Gauaren argipean, Hoy he soñado contigo, Cobarde, Zure izarra, No te lo pienses, Las sombras, Insano, Quiza mañana.
Salgai. Karibe Zaharra, Giroa, Kukue, Hogei, Gurrutxaga, Maiatza eta Hizkuntza. 10 €.
Entzungai: Spotify, Youtube, Apple Music, Instagram eta Facebook.