«Latz pasa gendun, emozio asko»
Unidad Alavesa musika taldeak birritan bete du Ataungo Herri Antzokia 'Made in Germany' hirugarren diskoa aurkezteko kontzertuan. «Egun berezitzat» jo dute larunbatean bizitakoa.
Euskara batura ekarrita, hauxe da Unidad Alavesa talde ataundarrak jaian sare sozialetan zabalduko esker mezua: «Milesker atzo Ataunera etorri zinetenoi. Latz pasa genuen, emozio asko. Milesker egun hau berezi egiten lagundu zenuten denoi!». Eta hitz horien segidan, esker berezien zerrenda. Ataundar taldea profeta izan baita herrian. Birritan bete zuen Herri Antzokia joan den larunbatean (16:30 eta 19:00), maiatzaren 8an, Made in Germany hirugarren diskoa aurkezteko emanaldi bikoitzean.
Aukeran nahiago zuketen estraineko kontzertu hori pase bakarrekoa izatea, jendea zutik eta dantzan sumatzea oholtza gainetik, baina COVID-19ak eragindako osasun krisiak ez du halakorik baimentzen. Eszenatokia bera ere beste bat balitz erosoago ariko ziren akaso, baina plazarik txarrena ere ez zen, asko eta asko izan baitziren eserlekuetan zituzten lagun eta ezagunak.
Azken bi kantak jotzeko soilik egin zuten pare bat minutuko etena Haritz Artolak, Gurutz Bikuñak, Iker Artzak, Eneko Dorronsorok eta Unai Munduatek osatzen duten boskoteak. Kanta zahar eta berriak uztartu zituzten. Tartean Zegama jo zuten, Gorka Urbizu eta Iñaki Urbizu Pela-ren kolaborazioarekin. Giro jatorra oholtzan zein behean, eta feed back keinu asko bi aldeetatik. Eta kalean hegoia, alarma egoera bukatzen zen egunean.
Zaldibian eta Lazkaon
Kontzertu dezente dituzte lotuta datozen asteetarako, eta horietatik bi behintzat Goierrin izango dira: maiatzaren 30ean Zaldibiako pilotalekuan, eta uztailaren 17an Lazkaoko skate parkean.