«Beraiekin ospatzea, taldekide guztiak gainean... ederra izan zen»
Realeko bigarren taldeak Bigarren mailara igotzea lortu du. Taldean bost goierritar daude: Aldasoro, Galarreta, Turrientes eta Zoilo beasaindarrak eta Aranzabe zaldibiarra.
Taldean lau beasaindar zaudete eta zaldibiar bat ere badago. Hurbilekoekin jokatzea berezia da?
Oso berezia da. Hemendik joaten garenok sekulako harremana dugu: kotxean elkarrekin joaten gara, bazkariak egiten ditugu, partiden aurretik kafea hartzeko gelditzen gara… oso harreman ona dugu. Gainera, Sanse batean, historia egin dugun momentu batean, Beasaingo lau jokalari egotea, denak adin antzekokoak eta txiki-txikitatik elkarrekin ibili garenak, oso espeziala da.
Bigarren mailara igotzea helburua zen?
Sailkapenari begira ez genuen helburu zehatzik. Kubak ez digu markatzen ez dakit zein postutan amaitu behar duzuen edo ez dakit nora igo behar zareten. Baina egia da aurten Bigarren B maila pixka bat aldatu egin dela eta helburu bezala genuela Bigarren B pro mailara igotzea. Aurreneko bueltan lortu genuen. Behin hori lortuta, aurretik genuen dena irabazteko zen. Gauzak lortzen joan ginen: play offean sartu ginen; behin hemen gaudela, ‘zergatik ez igo?’ esan genuen, jakinda oso zaila zela; azkenean, hala izan da eta oso oso gustura.
Partida estua izan zen eta luzapenean erabaki zen. Nola bizi izan zenuen?
Algeciras oso talde indartsua zen. Agian ez zuten guk bezainbeste joko proposatzen eta guk dominatzen genuen jokoa, baina uf, beraiei gola sartzea oso zaila zen. Bigarren zati hasieran gola sartu zigutenean oso kolpe gogorra izan zen. Baina beno, segi egin genuen, pazientziarekin, golaren bila. Banakoa sartu genuenean lasaitua hartu genuen, luzapenean golik ez jasotzearekin nahikoa genuelako. Baina gola sartu genuen eta sekulakoa izan zen.
Lehen gola bere atean sartu zuten, baina baloia ukitu zuen Realeko azkeneko jokalaria zu izan zinen.
Bere atean sartu zen bai, baina nik sartu banu bezala ospatu nuen. Gainera, harmailetan lagun guztiak zeuden, familiakoak, aiton-amonak… beraiekin ospatzea, taldekide guztiak gainean…, ederra izan zen.
Noiz ikusi zenuen bigarren mailara igotzea eskura zenutela?
Banakoa sartu genuenean aukerak asko handitu zitzaizkigun, guri ere gola egitea ez delako erraza. Oso gol gutxi jaso ditugu aurten, eta beraiek denbora gutxi zuten. Luzapenean, bi eta batekoa sartu genuen momentuan, denok ikusi genuen erdi igota geundela, beraiek bi gol sartu behar zizkigutelako.
Nolako denboraldia izan da orokorrean? Gustura?
Oso denboraldi positiboa izan da. Gainera, izan ditugun baja batzugatik hegalean jokatzea tokatu zait. Sekula ez nuen postu horretan jokatu. Baina nahiko ongi ibili naizela uste dut. Alde horretatik, oso oso gustura.
Datorren denboraldian erronka zaila baina polita duzue. Prest zaudete?
Bigarren mailan ez dago bromarik. Sekulako maila egongo da, baina talde honek igotzea lortu badu seguru datorren urtean ere maila emango dugula. Nik uste denboraldi ona egin dezakegula. Eta esperientzia gisa sekulakoa izango da.
Nola uztartuko dituzu futbol profesionala eta ikasketak?
Jada bi denboraldi daramatzat nire kontura ikasten, irakasleekin tutoretzatan biltzen. Sansen goizetan entrenatzen dugu eta ez dut klaseetara joateko astirik izaten. Baina egia esan, nahiko ondo daramakit. Nahiz eta Bigarren mailako jokalariak profesionalak diren eta hortik bizi diren, ez ditut ikasketak utziko. Seguru, aterako dudala.