Pentsiodunen martxaren bigarren etapa Urretxu-Zumarragan amaitu da
Parte hartzaileek Ederrena pilotalekuan pasako dute gaua eta bihar Bergarara abiatuko dira
Pentsiodunek hiru urte baino gehiago daramatzate jada borrokan. Denbora honetan guztian makina bat ekintza antolatu dituzte. Oraingoan, Gipuzkoako pentsiodunek bizikleta martxa antolatu dute pentsio duinen alde eta murrizketen aurka. Gaur Goierri zeharkatu dute: Tolosatik Urretxu-Zumarragara joan dira. Urretxuko Ederrena pilotalekuan pasako dute gaua.
Atzo abiatu ziren, Errenteriatik. Gaur Tolosatik Urretxu eta Zumarragarra joan dira, bihar Urretxu eta Zumarragatik Bergarara joango dira, etzi Bergaratik Debara, ostiralean Debatik Usurbilera eta larunbatean Usurbiletik Donostiara. Bertan, manifestazioa egingo dute. 17:00etan abiatuko dira Alderdi Ederretik.
Pentsiodunak herrietan geldialdiak egiten ari dira, herritarren elkartasuna eta babesa jasotzeko. Gaur goizean eta arratsaldean Goierriko hainbat herritan egon dira. 18:00ak aldera Eitzara heldu dira. Bertan, ongi etorria egin diete, kartel eta guzti. Ondoren, bi herrietako kaleak zeharkatu dituzte. Areizaga-Kalebarrenen bigarren ongi etorri bat egin diete, are jendetsuagoa, txistulari eta guzti. Urretxuko txistulariek Santa Zezilia eta Aupa Lekeitio piezak jo dituzte eta pentsiodunek biribilketa egin dute. Pentsioak ez daitezela falta… eta alaitasuna ere ez!
Pentsiodunen mugimenduak dagoeneko hiru urte baino gehiago daramatza borrokan, pentsio duinen alde eta Toledoko itunaren murrizketen aurka. Urretxu eta Zumarragan ere asko dira astelehenero kontzentrazioetan parte hartzen duten pentsiodunak.
2011ko eta 2013ko pentsio erreformen murrizketak eta 2010eko eta 2012ko lan erreformak indargabetzea nahi dute. 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta 1.200 euroko gutxieneko soldata aldarrikatzen dituzte. Pentsioen sistema publikoaren pribatizazioa eta iragarritako murrizketa berriak arbuiatu dituzte.
Bestalde, pentsioen genero arrakala amaitzeko neurri eraginkorrak aldarrikatu dituzte. Ezkontidearen pentsioaren %100 alarguntza pentsiora bideratzea nahi dute.
Erretiro aurreratuei dagokienez, 40 urte kotizatu duenak zigorrik gabe erretiratu ahal izatea eskatzen dute. Horrekin lotuta, legez besteko proposamenak onartu dira 15 parlamentu autonomikotan, kongresuan, senatuan eta udal askotan.
Osasun arloan egin diren murrizketek ere kezka eragin dute pentsiodunen artean. Herritarren osasuna, arreta eta zaintza bermatzea nahi dute, kalitatezko zerbitzu publiko eta unibertsalen bidez.