Legazpiko erraldoi konpartsa larunbatean kalera irteteko prest dago
Maiatzean atzeratu zuten ikuskizuna egingo dute Haztegiko patioan. Itxura aldatu duten Antton eta Anttoni eta dantza berriak aurkeztuko dituzte. Erraldoi panpinak salgai izango dira
Mikel eta Mikele, Bruno eta Pakita eta goitik behera berrituta datozen Antton eta Anttoni prest daude larunbatean herriko txikienekin elkartzeko. Eguraldiagatik maiatzaren 1ean eskaini ezin izan zuten ikuskizuna egingo dute larunbatean Legazpiko erraldoien konpartsako kideek.
Haztegi ikastolako patioan izango da, 18:00etan, edukiera mugatuarekin. Sarreran bertan egingo dute ikusle kopuruaren kontrola. Ateak 17:30ean irekiko dituzte. Ikusleek eserita egon beharko dute, eta txikiak ezin izango dira erraldoiengana hurbildu.
Antton eta Anttoni berriak
Erraldoien ikuskizuna pizgarriz beteta dator. Batetik, konpartsaz arduratzen den taldean jende gaztea sartu da, eta haien debuta izango da. Bestetik, dantza errepertorioa handitu egin dute hiru bikoteek, eta ikasi dutena erakutsiko dute. Eta azkenik, goitik behera itxura berritu eta aldatu duten Antton eta Anttoni aurkeztu nahi dituzte. Konpartsaren laguntzaile diren herriko tabernariei eskainiko dieten eskertza ekitaldia ere aipatu behar da.
Ikuskizun hau konpartsaren azken irteeratik urte eta erdira egingo dute. Pandemiak kalera irtetea galerazi die erraldoiei, ez dute irten 2019ko irailaz geroztik, Agorreko Santikutzetatik. «Gogoarekin gaude ateratzeko», dio Mikel Alonso konpartsakide beteranoak. Haurrak ere faltan izan dituztela badaki, «ea udalak lokala egokitu, eta haurrek erraldoiak gertutik ikusteko moduan jartzen duen».
Erraldoien familia
Legazpiko erraldoien familia sei lagunez osatuta dago. Zaharrenak eta handienak Mikel eta Mikele dira. Bruno olagizonak eta Pakita emazteak 15 urte bete berri dituzte. Eta Antton eta Anttoni, itxura eta jazkera erabat aldatu dutenak dira; «nik neuk ere ez ditut oraindik ikusi», dio Alonsok, «sorpresa izango da!». Pirata txiki bat ere badute taldean.
Erraldoien familia dozena bat boluntariok ere osatzen dute. Horien artean larunbatean debutatuko duten gazteak daude, 15 eta 18 urte bitartekoak, «irrikitan daude!». Gehienak dantzariak dira, eta horien ekimenez ikasi dituzte dantza berriak ere. «Gu jubilatzeko moduan gaude dagoeneko!» dio 17 urterekin hasi eta datorren urtean erraldoiak eramaten 25 urte beteko dituen Alonsok. Bera erreleboa prestatzen hasia da, etxetik gainera, Eñaut eta Naroa seme-alabak konpartsako kide direlako dagoeneko. Bi gaztetxo horien ardura da pirata erraldoi txikia eramatea.
Buruhandiak eta panpinak
Konpartsan 11 buruhandi ere badira, eta horiekin hasten dira gazteak, «gorputza botatzen dutenean» hasten dira erraldoiak eramaten. 30-35 kilo arteko pisua dute, eta indarra baino, trebezia behar dela dio Alonsok, «hori ere ikasi egiten da».
Entsaioetan parte hartzea eta irteeretara joatea da eskatzen den konpromiso bakarra. Urtean maiatzeko eta agorreko Santikutzetan, Hegialdeko jaietan eta uztaila kulturalean ateratzen dira; horiez gain, agorreko festetan egiten duten alardera etorritako taldeei bisita itzultzen die.
Bi panpin txiki ere baditu konpartsak, Bruno eta Pakitaren erreplikak. Larunbateko ikuskizunean salgai izango dira.