Klasikoa, Portugalera
Antonio Morgado txirrindulari portugaldarrak irabazi du Urretxun jokatu den Gipuzkoako Klasikoa. Guztira 148 partaide izan ditu probak, 28 taldetan banatuta. Ibai Chico, herriko lehena
Antonio Morgado portugaldarrak irabazi zuen igande goizean Urretxun jokatu zen gazte mailako Gipuzkoa Klasikoaren 27. edizioa. Barraida Cycling Club taldeko txirrindulariarekin batera, Willebrord Wil Voorvit taldeko Bart Hordijk herbeheretarrak eta, Team Inca taldeko Paulo Cesar Pantojak osatu zuten podiuma. Morgado bakarrik iritsi zen helmugara 3:01:48ko denbora eginez; Hordijk 39 segundura iritsi zen, eta Pantoja minutu eta 28 segundura.
Taldeko saria Portugalgo Barraida Cycling Clubek lortu zuen, irabazlearen taldeak hain zuzen. Tarteko helmugena Euskal Herrian geratu zen, Bizkaiko Selekzioko Eder Morenoren garaipenari esker, eta mendiko saria Bart Hordijk herbeheretarrak eraman zuen. Lehen euskalduna Yago Agirre gaztea izan zen, Donosti Berri taldekoa. Eta lehen herritarraren saria, berriz, Bellota Goierri taldeko Ibai Chicok jaso zuen, etxekoen txalo zaparradarekin batera.
Partaidetza handia
Aurten Iparragirre 2020 egitasmoaren barruan antolatutako Gipuzkoa Klasikoa txirrindulari gazteen egutegiko probarik garrantzitsuena zen, eta partaidetzan nabaria zen, guztira 151 txirrindulari, Europa osoko 28 taldetan banatuta. Izena emandako txirrindularien artetik, 148k parte hartu zuten azkenik, eta 91ek amaitu zuten lasterketa.
Tropela Iparragirre plazatik abiatu zen 10:30ean, eta inguruko errepide eta mendateetan 123 kilometroko ibilbidea eginda, 13:45 inguruan iritsi ziren lehen txirrindulariak helmugara.
Sari banaketa ekitaldian Jon Luqui Urretxuko alkateak, Maialen Fidalgo zinegotziak, Goierri kirol elkarteko Juan Luis Ayusok eta Juan Jose Gozalo Gipuzkoako federazioko lehendakariak parte hartu zuten, besteak beste.