Bizi osorako espetxe zigorraren aurkako kontzentrazioak Goierriko plazetan
Sare presoen eskubideen aldeko mugimenduak deitu ditu elkarretaratzeak, gaur Arrasaten egitekoa zen 31 kilometroko martxaren ordezko.
Irudian, gaur eguerdian Lazkaoko plazan egindako kontzentrazioa. Sare mugimenduak deituta, elkarretaratzeak egin dituzte gaur eguerdian Goierriko hainbat herritan Bizi osorako zigorrik ez! Giza eskubideak, elkarbizitza, konponbidea lelopean. Azken orduko aldaketa baten ondorioz erabaki zuen atzo presoen eskubideen aldeko mugimenduak gaurko kontzentrazioak deitzea, Arrasaten egitekoa zen 31 kilometroko martxa bertan behera utziz. Azken asteotan hainbat lekutatik jasan duen «presio izendaezinari» egotzi dio Sarek mobilizatzeko planteamenduaren aldaketa. Arrasaten ere bilduko dira, eta han egingo dituzte adierazpenak Joseba Azkarraga eta Bego Atxa Sareko bozeramaileek.
Sarek talka ez egiteko hartu zuen erabakia, Arrasateko martxaren antolatzaileekin elkarlanean: izan ere, atzo goizeko agerraldian ohartarazi zuen ez dietela «konfrontaziorako aukerarik» eman nahi «ultraeskuinaren aldarriak aintzat hartuta Arrasatera liskarrak eragitera etortzeko asmoa» zutenei.
“Garai historikoa” euskal presoen alorrean
Mugimenduaren ustez, euskal presoen alorrean «garai historikoa» da oraingoa. Egin diren urratsez «balorazio positiboa» egin izan dute, eta, hortaz, «harridura osoz» hartu dituzte arlo politiko eta mediatikoan plazaratu diren «jarrerak»: «Jarrera arduragabeak dira, eta indartu egiten dituzte espetxe politikan edozein aldaketa errefusatzen duten horien jarrerak, aurrerapauso horiek gerarazteko presioa eta manipulazioa —biktimen mina modu arbuiagarrian erabilita, kontrakoaren aurkako arma gisa erabiltzeraino— baliatu dituzten horien jarrerak». Sarek adierazi du haiek ez direla «inoiz» arituko «jarrera» horietan.
Gogoratu dute Unai Parotek ez ezik beste hamalau preso inguruk ere badituztela 40 urteko espetxe zigorrak, eta horixe salatzeko zela gaurko deitutako martxa: euskal presoentzat «ad hoc» prestaturiko 7/2003 legea bertan behera utz dezatela eskatzeko. Arbuiatu dute, ordea, «entzungor» egin dietela bere aldarrikapenei, giza eskubideen aldeko mobilizazio hori «hutsaltzeko» eta «kasu batzuetan kriminalizatzeko», «arrazoirik gabeko akusaziotan oinarrituta». Sarek gogoratu du «pertsona guztien» giza eskubideak aldarrikatzen dituela mugimenduak.
Alderdien politikoen iritziak
EH Bilduk bat egin du Sarek Euskal Herriko plazetan deitu dituen elkarretaratzeekin, eta taldeak jasandako «erasoak» salatu ditu. Koalizio independentistak gogoratu du «ezinbestekoa» dela «indarrean dagoen salbuespen legedia» bukatzea, eta salatu du 7/2003 legeak «ezkutuko bizi guztiko zigorrak» ezartzen dituela. «Gaur egun espetxean 40 urteko zigor efektiboa betetzera kondenatuta dauden hamabost preso daude, eta kondena horiek espetxeen arloko araudian ezarritakoaren kontrakoak dira, araudi horrek ezartzen baitu askatasunaz gabetutako pertsonak birgizarteratzea izan behar dela helburua».
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak atzo goizean Sareren agerraldiaren aurretik Radio Euskadin egindako adierazpenetan esan zuen «planteamendu probokatzailea» zela Sarek deitutako martxa. Haren ustez, espetxe politikaren aldaketak «politika diskretua exijitzen» du, zeinak ez baitu «zerikusirik» Arrasaterako egina zegoen deialdiarekin.
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren ustez, berriz, ibilaldia bertan behera utzi izana «baliagarria» izan behar da «errespetuan oinarrituriko elkarbizitza bat eraikitzera bidean hausnarketa erabat beharrezkoan sakontzeko». Atzo adierazi zuen «espero» duela gaurko eguna «erabateko normaltasunean» iragatea.
PPk eta Voxek ekitaldiekin aurrera
Eskuineko taldeek, ordeak, haien deialdiei eutsi diote: PPk eta Voxek jakinarazi dute ekitaldiak egingo dituztela Arrasaten, eta AVTk Madrilen, Zaragozan, Granadan (Espainia) eta Donostian antolatu ditu omenaldiak. PPren Arrasateko ekitaldian Carlos Iturgaiz EAEko PPko buruak parte hartuko du —San Andres kalean eginen dute—, eta Santiago Abascal Voxeko presidentea Voces Contra el Terrorismo taldeak deituriko omenaldian izanen da.













