Ohorezko bost kofradiakide berri ditu Idiazabal Gaztak
Gerardo Garmendia artzain zaldibiarra, Goierriko Nekazal Kooperatiba, Ordiziako Saskibaloi elkartea, Andoni Luis Aduriz sukaldaria eta Ivan Redondo aholkulari politikoa izendatu dituzte Ordiziako Idiazabal Gaztaren ohorezko kofradiakide.
Iazko etenaren ondoren, Ordiziako Idiazabal Gaztaren kofradiak 31. Kapitulua ospatu du gaur. Ekitaldia 10:30ean hasi da D’elikatuz interpretazio zentroan, kofradiakideei eta gonbidatuei harrera egin eta hamarretako bat eskainiz. Jasokundeko Andre Mariaren elizara bisita gidatua egin dute segidan, eta 12:30ean egin dute ekitaldi nagusia udaletxeko batzar aretoan.
Adur Ezenarro alkatearen, Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako sailburuordearen eta Felix Ajuria Idiazabal Jatorri Izendapeneko lehendakarien hitzen ondotik, kofradiakide eta ohorezko kofradiakide berriak izendatu dituzte. Ezenarrok eta Orozek bat egin dute Idiazabal Gazta “munduko onena” dela esatean, eta haren enbaxadore izateko ardura eman diete kofradiakide berriei. Ajuriak, berriz, honakoa adierazi du: “Idiazabalek badauka beste edertasun bat, eta da gazteria. Nire lehenengo ekitaldia da hau, Joxe Mari Ustarrotz gogoan izan nahi nuke”.
Urte arrunta balitz, hainbat kofradiatako ordezkariak bilduko lirateke gaurko ekitaldira, baina aurten bi bakarrik: Donostiako Gastronomia Kofradia eta Beasaingo Odolkiaren Kofradia.
Izendapenak, banan-banan
Lehen hitzartzearen ondoren, Ordiziako alkatea Ordiziako Idiazabal Gazta kofradiaren lehendakari izendatu dute –iaz ez zen egin ekitaldia, eta horregatik aurtengo izendapena–, eta segidan kofradiakide berrien eta ohorezko kofradiakideen txanda izan da. Brusa beltza jantzi eta kofradiaren domina kolkoratu diete kofradiako ordezkariek, eta zin egin dute denek Idiazabal Gaztaren izena zabaltzen lan egingo dutela. Ohorezko agurraren ondorik, kofradiaren akta liburuan sinatuz amaitu dute ekitaldia.
Komunikabide ugari elkartu ditu gaurko ekitaldiak, ohorezko kofradiakideen artean Ivan Redondo zegoelako batez ere. Donostiar hau Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen kabineteburu izan da aurtengo uda bitarte. Udaletxeko batzar aretora sartu aurretik adierazpenak egin ditu Redondok, eta nabarmendu du oraingoz ez duela goi mailako politikara itzultzeko asmorik. Bitxikeria modura, antolatzaileek aipatu dute iazko Eguberrietan ehundik gora Idiazabal Gazta erosi zituela Redondok Monkloako lankideei oparitzeko.
- Ohorezko Kofradiakideak:
– Goierriko Nekazal Kooperatiba (Sindikatoa), 100.urteurrenagatik. Euxebio Garmendia izan da ordezkaria.
– Gerardo Garmendia Mozo artzain zaldibiarra, gazta egile jardunari eusteagatik. 1983tik da artzain, eta 1998tik Aralarko Doniturrieta-Garakoan aritzen da. Lehen artzaina izan zen Mendiko Gazta merkaturatzen, 2007an. Horrez gain, Ordiziako Gazta Kooperatibaren sortzaileetako bat da.
– OKE Saskibaloia Ordizia, 50.urteurrenagatik. Arantxa Saez izan da ordezkaria.
– Andoni Luis Aduriz. sukaldaria. Errenteriako Mugaritz Jatetxea
– Ivan Redondo Bakaikoa, Aholkulari politikoa eta enpresaburua
- Kofradiakide berriak:
– Jokin Elizalde Grijalbo.
– Carlos González Astiz.
– José Antonio Cruz Martínez.
– Ana Sánchez Núñez