Euskal joko eta kirolen topaketa egin dute Ordizian
Kilometroak 2021aren barruan, gaur goizean, Ordiziako Barandiaran plazan, euskal kirol jokoen topaketa egin dute. Arratsaldean, Kilometroak jaiarekin lotutako beste bi ekintza izango dira, 19:00etan: Lazkaon, Eneko Dorronsoro eta Fredi Pelaezen kontzertua San Benito ikastolako estalian; eta Beasainen, Haatik taldearen dantza garaikide ikuskizuna, Urbialde plazan.
Beasain, Lazkao eta Ordiziako ikastolek antolatutako Kilometroak 2021 asteburua indartsu hasi da gaur goizean Ordizian, eguraldia lagun. Euskal joko eta kirolen topaketa egin dute Goierri beheko hiru ikastoletako ikasle, guraso eta irakasleekin batera, Lizarrako Nafarroa Oinezeko taldeak eta Sopelako Ibilaldia taldeak. 11:00etatik 13:30era bitartean, hainbat joko eta proba egin behar izan dituzte parte hartzaileek, bertso banarekin hasita: txingak, ingudea, toka, harri jasotzea, trontza, auzolana, sokatira eta dantza. Ekirockeko kideen laguntzarekin borobildu dute jaialdia.
Sailkapena gutxienekoa bazen ere, Nafarroa Oinez taldeak pilatu ditu punturik gehien. Atzetik geratu dira Ordizia, Lazkao, Kilometroak, Beasain eta Ibilaldia taldeak.
Topaketarekin jarraitu dute Beti Alai pilotalekuan, lagun arteko bazkariarekin.
Arratsaldean
Arratsaldean, Kilometroak jaiarekin lotutako beste bi ekintza izango dira, 19:00etan: Lazkaon, Eneko Dorronsoro eta Fredi Pelaezen kontzertua San Benito ikastolako estalian; eta Beasainen, Haatik taldearen dantza garaikide ikuskizuna, Urbialde plazan.