‘Independentzia’ jartzen duen elastiko bat kenarazi dio ETBk saio bateko partaide bati
'Juego de Cartas' saioan gertatu da, eta «ikur eta aldarripen horiek ez direlako uzten ETBn ateratzen» eta «horrelako ikur batengatik» grabazio egun guztietako lana «atzera bota» zitekeelako kenarazi diote kamiseta.
Independentzia. Hori irakur zitekeen Mikel Asurabarrena Gabiriko Ostatuko (Gipuzkoa) jabearen elastikoan. ETB2ko Juego de Cartas saioan atera behar zuen, baina saioko lantaldeak elastiko horrekin kamera aurrean ez ateratzeko eskatu zion. Arrazoiak? «Ikur eta aldarripen horiek ez direlako uzten ETBn ateratzen» eta «horrelako ikur batengatik» grabazio egun guztietako lana «atzera bota» zitekeelako. Horrela kontatu dio ostalariak BERRIAri gertatu zitzaiona: «Goizean kanpoko irudiak grabatu genituen. Esertzera gindoazen, bazkaltzera. Jertsea kendu nuen, eta begira hasi zitzaizkidan. Inork iruzkinen bat ere egin zidan, baina txantxetan izango zelakoan mahaian esertzera joan nintzen. Orduan saioko bat etorri zitzaidan eta esan zidan ikur eta aldarripen horiek ez direla uzten ETBn ateratzen».
Hori ikusirik, «oso gaizki» sentitu zela aitortu du Ostatuko jabeak, «seinalatuta». «Konpromiso batean jarri ninduten. Ni ez nengoen ohiko habitat batean, kamera eta lantalde guztiaren aurrean… Urduri nengoen, telebistako programa bat grabatzen ari nintzen, gure negozioaren izena defendatzen… Jertsea jantzi eta horrelaxe jarraitu nuen», adierazi du. Asurabarrenaren hitzetan, ez zen kontzienteki egindako hautu bat izan, naturalki jantzi zuen, grabazioko beste hiru egunetan beste elastiko batzuk jantzi zituen moduan: «Goizean niki hau jantzi nuen, beste egunetan ezer jartzen ez duen niki bat jantzi nuen bezala. Lehenengo egunean Gabiriko Ostatuko kamiseta jantzi nuen. Ez zen bi aldiz pentsatutako ekintza bat izan».
Irakurri albiste osoa Berria.eus-en