Asier Estarriaga eta Oihana Kortazar izan dira azkarrenak Hiru Auzoetako Korrikaldian
Etxarriko Asier Estarriagak eta Mutrikuko Oihana Kortazarrek lehen postuak lortu dituzte Ataungo Hiru Auzoetako Korrikaldian. Kortazarrek errekorra hautsi du 1:04:52 denborarekin
Iazko etenaren ondoren, gaur goizean itzuli da Hiru Auzoetako Korrikaldia Ataunera. Dagoeneko gogotsu zeuden korrikalariak berriro ere proba honetan parte hartu ahal izateko; ehundik gora korrikalari izatea espero zuten antolatzaileek, eta hain zuzen guztira 109 korrikalarik eman zuten izena, nahiz eta azkenean 102 atera diren lasterketan eta 99-k lortu duten helmugara iristea.
Gizonezkoetan, Asier Estarriaga izan da azkarrena aurtengo edizioan. Etxarriko gaztea 1:00:47 denborarekin sartu da lehen postuan helmugara. Haren atzetik Angel Vazquez lazkaotarra iritsi da (1:01:47), eta hirugarren, berriz, Iker Manso tolosarra (1:01:52).
Emakumezkoetan, Oihana Kortazarrek Maite Maiorak ezarritako 1:06:00 orduko errekorra hautsi du eta 1:04:52 denborarekin helmugaratu da lehen postuan mutrikuarra. Bigarren emakumezkoa Lazkaoko Maite Arraiza izan da (1:06:13), 2019 eta 2018ko edizioetako irabazlea izandakoa. Hirugarren postua, berriz, Maialen Muñoz tolosarrak eraman du (1:08:25).
Lehen sailkatuena ez ezik, beste sari batzuk ere banatu dituzte gaurko lasterketan. Gizonezkoetan, lehen herritarraren saria lortu duena Jokin Etxeberria izan da, eta emakumezkoetan Izaro Imaz. Lehenengo herritar beteranoaren saria gizonezkoen mailan banatu dute soilik, ez baitzegoen emakumerik maila honetan, eta Joxe Ramon Agirre izan da 45 urtetik gorako lehen gizonezkoa.