Kontseilu Sozialistak bidesariak langileriari "miseria" eragingo diola iragarri du
A-636 errepideko bidesaria bizitzaren garestitzearen beste adierazle bat dela aipatu dute. Soldaten balio gutxitzen ari da, ondorioz. 'Peajerik ez! Bizitzaren garestitzea gelditu' dinamika abiatu dute
Goierriko Kontseilu Sozialistak A-636 errepideko bidesariak langileriari “miseria” eragingo diola iragarri du. Bizitza garestitzen ari den bitartean soldatak bere horretan jarraitzen dutenez, hauek debaluatzen ari direla salatu dute. Ondorioz, “pobretzea orokortzen” ari dela ohartarazi dute.
Peajerik ez! Bizitzaren garestitzea gelditu dinamika antolatu dute.”Egungo bizi-baldintzen aldeko erresistentzia-borroka bat baino, askatasunaren aldeko borroka unibertsalen ale bat gehiago da”, azaldu dute. Hainbat protesta- eta kontzientziazio-ekimen egingo dituztela aurreratu dute. Lehendabizikoa, gaur egin dute: A-636 errepideko baskulan 60 bat lagun bildu dira, auziaren inguruko irakurketa egin eta desadostasuna adierazteko. Deba bailarako kontseiluko kideak ere izan dira, eurei ere zuzenean eragiten baitie.
A-636 errepidea ordainpekoa bilakatzea “langile-klasearen bizitzaren garestitzen progresibo eta orokor baten adierazpen modura” ulertzen dutela esan dute: argindarraren, erregaiaren eta oinarrizko hainbat elikagaien prezioen gorakadak jarri dituzte adibide gisa.
Bidesaria “basakeria” eta “inposatua” dela ere salatu dute. Oligarken eta politikarien erabakia izan dela diote. Alderdi politiko guzti-guztiena, zehaztu dute: Alderdi Sozialista, Ahal dugu eta EAJ “erantzule zuzenak” direla esan dute, Madrilen eta Gasteizen agintean daudelako. “Gobernu ardurak ez dituzten gainontzeko alderdiak ere langile klasearen pobretze eta miseria-areagotze prozesuan kolaboratzaile aktiboak eta zilegiztatzailea direla ulertzen dugu”, azaldu dute.
Kontseilu Sozialistak bidesariari alternatiba eraikitzeko modu “eraginkorra eta kontsekuentea” “antolakuntza komunista indartzea eta sozialismoaren alde egitea” dela nabarmendu du, “klase kontzientzia berpizteko, aldarri borrokalaria zabaltzeko edo antolakuntza gaitasunak handitzeko”. Eragileei parte hartzera dei egin die, “ahal eta nahi duten modu zein intentsitatean”. “Jarraikortasuna, diziplina eta eraginkortasuna” ere eskatu dituzte.