EH Bilduren mozioa eta Eguneko Zentroa, azaroko plenoko gai nagusiak
Aho batez onartu dute Eguneko Zentroaren kudeaketa GSR kooperatibari esleitzea. Bi urte izango ditu kontratuak, baina beste bi urtez luzatu daiteke. Mozioa ez dute onartu
Gai zerrendan bi gai nagusi zituela bildu zen joan den astean udaletxean Legazpiko udalbatza. Eguneko Zentroaren ustiapenaren esleipena zen bat, eta bestea EH Bildu alderdi politikoak aurkeztutako mozioa, Eusko Jaurlaritza tramitatzen ari den Interes Publiko Goreneko Proiektuen figuraren aurkakoa.
Eguneko Zentroaren zerbitzuaren adjudikazioak aho beteko onarpena jaso zuen, baina mozioak ez zuen aurrera egin EH Bildu eta Legazpiko Berdeen aldeko botoak eta EAJ eta PSE-EEren aurkakoak jaso eta gero.
Eguneko Zentroan, GSR
Plenoko gai zerrendako lehen puntua izan zen Eguneko Zentroko zerbitzuaren esleipena, aurreko udalbatzaren akta onartu ondoren. GSR S.Coop. kooperatibaren aldeko esleipenak 13 udal ordezkarien aldeko botoa jaso zuen.
GSR. S. Coop. enpresari bi urteko kontratua egingo zaio Eguneko Zentroa kudeatzeko, eta bi urtez luzatu ahal izango da kontratu hori. Esleipenaren zenbatekoa 1.697.021,21 eurokoa da.
Mozioaren eztabaida
EH Bilduk Interes Publiko Goreneko Proiektuen figuraren aurka aurkeztu zuen mozioa korapilatsuagoa suertatu zen, horren inguruan eztabaida luzean aritu zirelako udal ordezkariak.
Eusko Jaurlartiza tramitatzen ari den IPGP figura «udalen toki autonomiarentzat kaltegarria den eta gure toki demokrazia urratzen duen beste edozein tresnaren aurka dagoela» jasotzen zuen mozioak, «udalari ez baitzaio aukerarik ematen bere lurraldearen barruan desegokitzat jotzen dituen erabilerak mugatzeko». IPGP horiek energia berriztagarrien instalazioak, isurtegiak edo araztegiak eraikitzeko edozein azpiegitura erabiltzeko ahalmena ematen diote Jaurlaritzari.
EAJk eta PSE-EEk defendatu egin zuten IPGP figura, klima aldaketari aurre egiteko eraginkorra izan daitekeela argudiatuta.