Bertso egarria asetzeko lain saio bada
Pandemiarengatik ez balitz, hurrenagoko asteburuan jokatuko zatekeen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala. Halakorik ezean, Goierrin hiru bertso saio daude iragarrita abendurako.
Goierriko bertsozaleen agendan haien tokia izan baduten hiru bertso saio izango dira abenduan eskualdean. Ez dira antolatu ezeren ordezko, baina nolabait ordezkatuko dute Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalak data hauetan utzitako hutsunea. Ala ez, batek daki. Kontuan kontu, txapelketa nagusia 2022an jokatuko da, eta berritasun nabarmen bat izango du gainera: finala Iruñean jokatuko da datorren urteko abenduan, eta ez azken lau aldietan bezala Barakaldoko BEC-en. Hala iragarri du duela aste gutxi bertsozale elkarteak.
Txapelketa urtea izan ala ez izan, berdin-berdin antolatutako lirateke abendurako iragarrita dauden hiru saioak. Lehena bihar bertan, Idiazabalen: Goierriko bertsolarien saioa. Bigarrena, igandean, Luzio Gabiriaren omenez Zumarragan antolatzen dena. Eta hirugarrena aurreraxeago, Legorretan, abenduaren 29an. Txapelketa Nagusia dela medio bertsoa eta bertsozalea aparretan egon ohi den garai hauetan, Goierrin izan bada bertso egarri hori asetzeko adina saio. Plaza txikiak ere bete egin behar direla da kontua.
Goierritarrak Idiazabalen
Trilogia horretako aurrenekoa Idiazabalgo Guraso Elkartean izango da bihar (19:00), klasiko bihurtzeko bidean den Goierriko Bertsolarien saioa. Sei bertsolari ariko dira kantuan: Amaia Iturriotz urretxuarra, Aitor Sarriegi beasaindarra, Iker Zubeldia Txapi zegamarra, Maddi Aiestaran beasaindarra, Iban Urdangarin ataundarra eta Oihana Iguaran, Idiazabalen bizi den amasarra.
Gertutasunak eta elkar ezagutzeak sortzen duten konplizitatea izan ohi du Idiazabalgo Bertso taldeak eta Illati euskara elkarteak udalaren eta Ampo kooperatibaren laguntzari esker antolatzen duten saio honek.
Zumarragan, bostekoa
Tradizio luzea du Santa Lutzi egunaren bezperan aurten azokarik ez da izango azkenean Zumarragan antolatzen den saioak. Luzio Gabiriaren omenenezko bertso jaialdiak 34. aldia izango du igandean (Zelai Arizti aretoan, 19:15ean), eta ohi bezala, kartel anitza pretatu du ZuBertsotan taldeak: Antton Fernandez urretxuarra, Aroa Arrizubieta gasteiztarra, Unai Iturriaga durangarra aspaldi plaza gutxitan sumatzen dena, Amets Arzallus hendaiarra (2013ko txapelduna), eta Nafarroako Txapelketa irabazi berria den Saioa Alkaiza iruindarra. Gai-jartzen Mikel Iturriotz urretxuarra ariko da.
Legorretan, hilaren 29an
Legorretan ere badira urte batzuk Eguberrietan bertso saioa antolatzeko ohitura hartu zutela. Aurtengoa hilaren 29an izango da, 19:00etan, Herri Antzokian. Amets Arzallusek, Amaia Iturriotzek eta Oihana Iguaranek errepikatu egingo dute, eta haiekin batera ariko dira Odei Lopez legorretara eta Julio Soto gorritiarra. Gaiak Felix Artola amezketarrak jarriko ditu.