Mor Mbathie eta Maip Diop senegaldarren esker hitzak legazpiarrentzako
Duela egun gutxi hil den Ndiogou Mbathieren heriotzagatik jaso dituzten elkartasun mezuak eta laguntza eskertu nahi izan dute.
Legazpin bizi diren Mor Mbathie eta Maip Diop senegaldarrek ohar bat kaleratu dute herritarrei eskerrak emateko, lehenaren anaia eta bigarrenaren lehengusua zen Ndiogou Mbathieren heriotza tragikoaren aurrean jaso dituzten elkartasun mezuengatik eta laguntzagatik.
Honela dio oharrak: «Eskerrik asko, lagunok. Eskerrik asko zuen hitz goxoengatik, eskerrik asko zuen besarkadengatik, eskerrik asko gure mina ulertzeagatik. Eskerrik asko Ndiogou Mbathiek bere herrian, Niomren, bakean atseden har dezan laguntzeagatik. Bildutako diru laguntza bidali diogu gure familiari Senegalera, Ndiogou Marokotik Senegalera eramateak sortutako gastuak ordaintzen laguntzeko. Eskerrik asko guztioi, bihotz-bihotzez».
Ndiogou Mbathie azaroaren amaieran hil zen Gibraltargo itsasartean. Itsasoan pateran hiru egunetan noraezean ibili eta gero, Marokoko salbamenduko itsasontzi bat joan zitzaien laguntzera, baina ordurako hilda zegoen Ndiogu, beste emakume batekin batera.