La Palma uharterako musika elkartasuna
Et Incarnatus Orkestrak La Palmako sumendiaren kaltetuei laguntzeko elkartasun kontzertua egin zuen atzo Legazpiko Urbeltzen. Kristina Aranzabek eta Leire Letuk, Tapia eta Leturiak, Botanz aita-semeek eta Nikotina rap abeslariak ere parte hartu zuten.
Agindu zuten bezala, festa giroko errepertorioa eskaini zuten atzo Legazpiko Urbeltz pilotalekuan La Palma uhartearen aldeko elkartasun kontzertuan parte hartu zuten musikariek. Et Incarnatus Orkestrak sumendiarekin kaltetuak laguntzeko abian jarri duen proiektuaren bigarren geldialdia zen Legazpikoa. Aurreko egunean Tafallan egin zuten antzeko kontzertua, eta abenduaren 26tik aurrera, La Palman bertan egingo dituzte beste kontzertu batzuk, “elkartasun ekonomikoaz gain, elkartasun animikoa” ere helarazi nahi dietelako.
Legazpiko kontzertuan Et Incarnatus orkestrako musikariekin batera, Kristina Aranzabek eta Leire Letuk, Tapia eta Leturiak, Kanariar Uharteetan bizi den Rogelio Botanz legazpiarrak eta Nikotina rap abeslariak hartu zuten parte. Musika emanaldiak bi une hunkigarri ere utzi zituen, bata Rogelio Botanzek aita oholtzara atera zuenean eta bien artean nafar jotak abestu zituztenean, eta bestea, elkartasun proiektu honetarako espreski Jose Antonio San Miguel Alfarok konposatu duen Tacande abestia interpretatu zutenean.