CIE Legazpik 4.000 euroko diru laguntza eman dio Ilintxa futbol elkarteari
Legazpiko enpresa 2017an hasi zen herriko elkarteak laguntzen. Ekipazio berrirako, entrenatzaileen formakuntzarako eta 75. urteurreneko ekitaldietarako erabiliko du dirua Ilintxak
Ilintxa ohorezko gonbidatu bihurtu zen atzo goizean CIE Legazpi lantegian. Automobilgintzarako forja lanak egiten dituen enpresak 4.000 euro eman dizkio futbol klubari, duela lau urte ireki zuen diru laguntza egitasmoari jarraipena emanez.
Diru laguntza ematea ekitaldi xume batean gauzatu zen. CIEren aldetik Asier Balentziaga zuzendariak, Ander Najerak, Gorka Sanchezek, Oscar Valbuenak eta Javi Belokik parte hartu zuten, eta Ilintxaren aldetik Xabi Aldama lehendakariak eta Kristina Arrizabalaga diru zainak. Txekea jaso ondoren, Ilintxakoek opari bat egin zieten CIEko ordezkariei esker ona adierazteko, klubeko kamiseta bat.
Ilintxa, 75 urteko ibilbidea
CIE Legazpi 2017an hasi zen herriko elkarteei laguntzak ematen, hainbat irizpide kontuan hartuta: herriko elkartea izatea, irabazi asmorik ez izatea, eta batez ere gizarte mailan lan egitea, kultura alorrean edo kirol mailan. Lantegiko langileekin harremana izatea ere kontuan hartzen dute diru onuraduna aukeratzean. Lehen edizioan Nagu- silan eta Atzegi elkarteek jaso zuten laguntza erdi bana, 2018an Begisarek eta 2019an Hare Haizeak eta La Salle Eskubaloiak, berriz ere erdi bana. Iaz ez zuten eman dirurik.
Aurten Ilintxa aukeratu dute, herriko gazteen artean futbola eta kirola sustatuz duen 75 urtetik gorako ibilbidea aitortzeko.
ASG estrategiaren barruan
Asier Balentziaga CIE Legazpiko zuzendariak enpresak jorratzen duen ASG estrategiaren barruan kokatu zituen diru laguntzak, hau da, ingurumen, gizartekintza eta gobernu onaren irizpideei jarraitzen dien estrategian. Ildo horretan, 2017an sortu zen kezka gogoratu zuen, «herritarrak kontratatzeaz harago, nola lagundu herriari». Handik sortu zen urtean behin herriko elkarteak diruz laguntzeko proiektua.
Ilintxako Xabi Aldamak eskerrak eman zizkien CIEkoei, pandemiaren ondoriozko «une zailetan» iritsi zaielako diru laguntza. Klubak 150 gazte biltzen dituela gogoratu zuen, eta oraintsu ekipazio berria erosteko inbertsioari aurre egiteko eta entrenatzaileen formakuntzarako dirua ondo etorriko dela aitortu zuen. Laster 75. urteurreneko ospakizunei berriz helduko dietela ere aurreratu zuen.