Urtatzako tiro zelai inguruan dagoen hondakin pilaketa salatu du Eguzkik
Ibarrola errekan egindako isurketak oraindik ez dituztela garbitu ere jakinarazi dute ekologistek.
Eguzki talde ekologistak salatu duenez, Legazpiko plater tiro zelai ingurutik behera doan pista ondoan, hondakin ugari bota dituzte: pneumatikoak, obra hondakinak, komun bat, disolbatzaile poteak, pintura eta pintura plastikoko poteak, karrozeria eta altzari zatiak, lanparak, aterkiak, fardelak lotzeko sokak, plastikozko eta altzairuzko totxoak, txakurrentzako atoia eta beirazko eta plastikozko pote ugari.
Eguzkik Udaltzaingoari eta udalari eman die legez kanpoko isurketa horien berri. “Udalari eremua lehenbailehen lehengoratzeko eskatu zaio, eta gune hori kontrolatzeko. Hala ez bada, isuriak berriro gerta daitezkeela uste dugu”.
“Gizalegearen aurkako ekintza eta ingurumenaren aurkako erasoa” dela dio talde ekologistak, eta jendea animatzen du “horrelako gertaerak publikoki eta erakundeen aurrean salatzera”. Hondakinen Legeak “edozein motatako hondakinak kontrolik gabe uztea, isurtzea edo ezabatzea” berariaz debekatzen duela ere nabarmendu du .
Bestetik, duela sei hilabete Ibarrola errekan egindako isurketak ere udaletxean salatu zituela gogoratu du, eta hondakinak oraindik kendu gabe daudela jakinarazi du. Udalari “seriotasun minimo bat” eskatzen diote ekologistek, eta hondakinak jasotzeko betebeharraz gain, udalerriko ibai sistemak zaintzeko eta babesteko betebeharra ere baduela gogorarazi diote.